21.09.2026

Bilboko Seminarioak hasiera emon deutso kurtsoari gizarte ekintzen aldeko konpromisoa sendotuz

Bilboko Eleizbarrutiko Seminarioak joan dan barikuz ospatu eban kurtso hasierako ekitaldi ofiziala. Seminarioaren egoitzan bertan ospatu zan ekitaldiari amaiera emoteko, Eukaristia ospatu zan Moniken Begoñako komentuko tenpluan.

Lau abadegaik ekin deutse kurtsoari Bilboko eleizbarrutian: prozesuko lehenengo aldian, dizipulu aldian, dagozan David Rivillas eta Gonzalo Uriartek eta, bigarren aldian, aldi eratzailean, dagozan Lander Basauri eta Cernin Martínezek. Iruñan dihardue heziketa osotzen bertako sei abadegaigaz eta Jakako bategaz batera. 

Abadegaien berbak

Ekitaldian, lau abadegaiek hitz egin eben euren heziketa-ibilbidearen inguruko gogoetak batera jartzeko. Iruñako heziketa-aldia nabarmendu eben, oso aberasgarritzat joz. Lauren esanetan, beste errealitate batzukaz eta jatorri desbardinetako pertsonakaz batera bizitzea funtsezko da euren hazkunde pertsonalean eta bokazino-hazkundean. 

Abadegaiak 26
Lau abadegaiak ekitaldian

Errektorea kurtsorako ildo nagusiak aurkezten

Ignacio Fernandez Seminarioko errektoreak aurkeztu ebazan kurtsoan nabarmenduko diran zerbitzuzko ildo nagusiak. Bere esanetan, abadegaiak lehenengo aldiz jardungo dabe ospitaleetan, abade-etxean eta Basauriko kartzelan akonpainamendua eskaintzen. Fernandezen esanetan, “heziketan gizarte pastoraltzaren alderdia sendotzeko apustu irmoa da”. Gainera, aurreko urteetan lez, “ate irekiak” jardunaldiak ospatuko dira -hilaren lehenengo barikuz-, hiru hilez behin pastoral bisitaldiak egingo dira Eleizbarrutiko lurraldeak ezagutzeko, Abenduko koroa ospatuko da…

Abadegaiak 26
Aurkezpena

Abadegaiek datorren zapatuz, irailak 26, ospatuko dan kurtso hasierako ‘Goazen’ ekitaldian parte hartuko dabe.

Aurpegi barriak ekitaldian

Inmaculada Loroño V. bikaritzako pastoral koordinazinorako gotzain ordezkariak parte hartu eban ekitaldian eta, gotzainak eskatuta, bere burua aurkeztu eban bertaratutakoen aurrean. Datozan urteetan Bizkaiko alkarte kideen bidelagun izango diran abadeen perfila ondo ezagutzearen garrantzia nabarmendu eban.

Seminarioa 2026
Kurtso hasierako ekitaldian parte hartu ebenak, besteak beste bikario nagusia

Gotzainaren berbak

On Joseba Segura gotzainak esker ona adierazo eutsen lau abadegaiei euren heziketa-prozesuan erakutsitako konpromisoagaitik. Gainera, Seminarioan lehen urratsak emoten dabezanei harrera beroa egiten jakitea ezinbesteko dala esan eban. Eta beste bide bat hartzen dabenean be -zenbait kasutan gertatu dan lez- errespetuz lagundu behar jakela esan eban.

Gotzaina eta Seminarioko errektorea 26
Gotzaina eta errektorea abadegaiakaz solasean

“Abade izateko prestatzen diharduenen bereizketa eta heziketarako aldi hau horretarako da hain zuzen be, erabakia hartzeko eta ilusionatuta dagozan eta inguruan ilusinoa zabaldu daikien abade izatera heldu ahal izateko”, esan eban gotzainak.

Los cuatro seminaristas junto al obispo y al rector