02-10-2025 Jueves, I semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 Bisita gidatuak Portugaleteko basilikara
02.10.2025

Bisita gidatuak Portugaleteko basilikara

Ondarearen Europako 25. Jardunaldiak BIzkaian jardueraren barruan, eraikin eta eraikuntzen bitartez arkitektura ezagutzera deitu gaitu aurton Foru Aldundiak. Begirada horretatik, egitarauak lerro nagusi bi nabarmendu ditu: arkitektura garaikidearen eta auzo eta uri-inguruneen azterketa. Bizkaiko hainbat herritan izango dira ekitaldiak urri osoan. Portugaleten, basilikara egingo diran bisita gidatuen bidez, 5 gizalditan garatutako eleiz artea ezagutu ahal izango da. Gaur izango da lehenengoa, eta hurrengoak, urriaren 9, 16, 23 eta 30ean.

Urriaren bost eguenez, Portugaleteko basilikaren zoko guztiak ezagutzeko aukera izango a. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, herribildu zaharreko goiko aldean dagoan tenpluan bisitatzeko aukera izango da.

Eleizak Portugalete herriaren eta bertako herritarren historiaren bilakaera gordetzen dau. Jatorrian arkitektura gotiko eban eta denporaren buruan hainbat estilo artistikoren eragina izan dau.

Portugaleteko Udala da jardueraren antolatzailea, eta Basilikaren Adiskideak Alkartearen laguntza dau.

Bisitak 11:30etatik 13:00eta izango dira

Leku mugatuak. Izena emoteko: 94 4729314

Basilika

Portugaleteko Andra Mari eleiza dagoan lekuan, aurretik Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andrearen aginduz 1322an eraiki zan parrokia gotiko txiki bat egoan. Portugalete, merkataritzaren arloan herribildu arrakastatsua zan orduan, biztanleriak bizkor egin eban gora eta eleiza barria eraikitzea ezinbesteko bihurtu zan.

Lanak 1492 inguruan hasi ziran eta ehun urtetik gora luzatu, 1600ra arte. Dohaintza-emoile pribatu ugari izan eban eta baita Salazar edo Gorostiza -euren kaperak zabaldu ebezan eleizan- lako aitoren semeen legatuak ere. 1873ko karlistaldian, goiko multzoa bonbardatu egin eben eta Casto Zabala eta Francisco Berriozabalen eskutik berreraiki eben.

1951an, Pio XII.a Aita Santuak basilika izendatu eban. 1992 eta 1994an, barriztapen-lanak burutu ebezan.

Intxaur-egurrean landutako erretaula nagusiak bakarrik erdiko multzoa dau polikromatuta eta eleizako burualde osoa hartzen dau. Euskal Herriko eskultura errenazentistako lanik bikainenetakoa da. Juan Beaugrant eta Juan Ayalak 1549 eta 1555 bitartean egindako lana da. 

Portugaleteko Andra Mari basilikako erretaula nagusia
Portugaleteko Andra Mari basilikako erretaula nagusia
Basílica de Portugalete.