22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 ‘Bizkaia isilik’ bilkura isiletan pertsona-salerosketaren biktimak izango dabez gogoan
28.02.2024

‘Bizkaia isilik’ bilkura isiletan pertsona-salerosketaren biktimak izango dabez gogoan

HIlaren azken eguaztenez ohikoa danez, gaur, bilkura isilak egingo dira 'Bizkaia isilik' ekimenaren eskutik, "euren bizilekuetatik derrigorrez mobidu behar izan daben pertsonen oinarrizko eskubideak gitxitzen dabezan politika bidegabeak salatzeko". Bilkurak 19:30etan izango dira, ondorengo lekuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzquiano kalean; Barakaldon, Bide onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Getxon, Telletxe plazan (metroaren ondoan) eta Zornotzan, Herriko plazan.

‘Bizkaia isilik’ ekimenak otsailean egingo dauan bilkuran, pertsona-salerosketaren biktima diranen errealidadea nabarmenduko da. Antolatzaileen esanetan, “datuek argi erakusten deuskue errealitate gaitzesgarri hori. Europan, Espainia, pertsona-salerosketaren biktimen herrialde jasotzile nagusia dala uste da”.

Hauxe da bilkura honeek egitearen xedea: “Gure mugak zeharkatzeko saiakeran biktima bihurtu diran pertsonei gure babesa erakutsi gura deutsegu, Europako hegoaldeko mugan zoritxar honek okerrera egin dauala salatzeaz batera”. Hilero eguneratzen dabez Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuak eta, urtearen bigarren hilabete honetarako, 196 etorkin hil dira Mediterraneoa, munduko hobi komunik handiena, zeharkatzeko saiakeran.

Martxoaren 27an ospatuko da ‘Bizkaia isilik’ ekimenaren hurrengo bilkura.