25-03-2026 Anunciación del Señor
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 ‘Bizkaia isilik’: “Euskadin, migrazinoaren aurpegia, emakumearena da”
25.03.2026

‘Bizkaia isilik’: “Euskadin, migrazinoaren aurpegia, emakumearena da”

Hilaren azken eguaztena izanda, gaur arratsaldeko 19:30etan 'Bizkaia isilik' bilkurak ospatuko dira, ohikoa danez, "etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidebakokeriak salatzeko". Martxoko bilkuran, eurentzat eta euren sendientzat bizimodu hobearen bila, etxea atzean itzi behar izan daben emakumeen errealitatea gogora ekarriko dabe, "atzo eta gaur, indarkeriatik eta eurek bizten ez dabezan gerretatik ihes egiten daben emakumeen egoera, bidean askotariko indarkeriak jasateko arriskua izaten dabenena, ezin jake-eta ibilaldi segururik ziurtatu".

Martxoko ‘Bizkaia isilik’ bilkuretan, bizia salbatzeko euren familiakaz ihes egin ezinda dagozan emakumeen egoera be gogora ekarriko dabe, azken baten, “bizi izateko eta nazinoarteko babesa jasoteko eskubidea ukatu egiten jake-eta”.

Deialdian azaldu dabenez, “Euskadin, migrazinoaren aurpegia, emakumearena da, Hego Amerikako, Magrebeko, Ekialde Ertaineko, Saharaz hegoaldeko, Ekialdeko Europako, Asiako emakumearena. Heltzean, arrazakeria, sexismo eta klasismoaren harresiak aurkitzen dabezan emakume ausartak. Oinarrizko eskubideak ukatzen deutsiezan, euren garapen pertsonala, profesionala eta familian bizitzeko eskubidea mugatzen daben harresiak. Gero eta emakume gehiago bizi da kalean, emakume izateak dakarren ahulezia gehigarriagaz. Gure babes-sistemaren ahultzearen eraginez, emakumeak eta umeak are eta egoera ahulagoan dagoz”.

Martxoaren 30ean ospatuko dan etxean lan egiten daben emakumeen nazinoarteko eguna be gogoan izango dabe. Izan be, emakumeon lana ezinbesteko bada be, emakume migratzaile askok baldintza negargarrietan, zapalketa eta ezegonkortasunezko egoeran zaintzen dabez mendekotasuna daben pertsonak. “Euren eskaerakaz bat egin gura dogu: euren eskubideak errespetatu dagiezala, zaintza publiko, doako eta unibertsalen sarea eta erregularizazinoa. Zaintzen gaituenak zaintzea, justizia soziala da”.

Hilabete honetan Ellacuria fundazinoak antolatu dituan bilkurak leku honeetan izango dira: Bilbon, Arriaga antzokiko eta Ibarrekolandako plazetan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Getxon, Telletxe plazan eta Zornotza-Amorebietan, Herriko plazan. 

Apirileko ‘Bizkaia isilik’ bilkurak hilaren 29an izango dira.