2026an, Jose Maria Arizmendiarrieta bizkaitar abadea hil zanetik berrogeta hamar urte eta Vatikanoak beneragarri izendatu ebanetik hamar urte bete diranean, bere irudia indartu egin da barriro. Arizmendiarrieta Urtea, oroitzapen huts ez ezik, etorkizunari begira jarri gura gaituan bultzada da.
Jon Emaldi Arizmendiarrieta Fundazinoko kide eta Laboral Kutxako bazkideak, Alkarren Barri aldizkarian azaldu ditu urte berezi honen nondik norakoak: “Jose Maria jn, benetako enpresa-sustatzaile izan zan, aitzindari bere sasoian”. Bere egintza nagusiak, Mondragon Kooperatibak, gizatasunez betetako enpresaren eredu aurreratua gauzatu eban. Holan, Eleizaren Doktrina Sozialaren postulatuak egia bihutzen saiatu zan.
Oinarri hau ekintza bihurtzeko, fundazinoak egitasmoz betetako agenda prestatu dau. Nagusienetako bat, HumaniSare Enpresa Humanistaren Arizmendiarrieta Alkartearen sustapena da. Emaldik azaldu dauanez, “topagunea sortu gura dogu enpresa, irabazi-asmo bako erakunde eta humanismoaren balioakaz bat datozan eta garatu gura dabezan pertsonentzat”.
Solasaldia Bilbon
Arizmendiarrietaren heriotzaren 50. urteurrenean, solasaldia izango da Bilbon, otsailaren 12an. Inklusinoa eta parte-hartzea sustatzen daben kudeaketa-ereduen inguruan jakin-mina daben zuzendari, ekintzaile eta profesionalei zuzendutako jarduera da.
Chris Lowneyk, Jon Emaldik eta Macarena Cuenca Deusto Business Schooleko dekanoak solasaldian jardungo dabe, gai honen inguruan: zelan garatu humanismoaren oinarriak enpresa-kudeaketan gizarte eragin positiboa sortzeko.

Solasaldian, ingelesez jardungo dabe eta Jose Maria Arizmendiarrietaren ondarean eta enpresaz eban ikuspuntuan -gizarte eraldaketaren eragile lez ikusen eban- sakonduko dabe. Antolatzaileen esanetan, “ideia bat nabarmendu gura da: pertsonak lehenesten dituan erakundea, zuzenagoa izateaz gainera, lehiakor eta jasangarriago be badala”.







