Belen Rodero BAM Irakasle Eskolako Pastoral eta Unibertsitate Zabalkunderako arduradunak azaldu dauanez, bigarren urtez egin dabe ikaskuntza- eta zerbitzu-ekimen hau ikasleakaz, “Pastoral eta Unibertsitate Zabalkundearen, gorputz-osasuna eta jolasa eta kirola saileko irakasleen eta Bidesari alkartearen koordinazinotik bultzatuta”. Ekimen hau, Bidesari alkarteagaz batera landu gura dan egitasmoaren abiapuntua da; xedea, kirola aldaketa-eragile lez sustatzea da.
2022-2023 kurtsoko esperientzian parte hartu eben eta graduatu barri diran 8 ikasletatik 7 Bidesarin sartu dira boluntario lez eta zenbait kirol jarduera bultzatu dabe kartzelan, kurtsoan zehar. Ikasle horreetako hiruk eremu honetatik egin dabe GAL (Gradu Amaierako Lana) eta esperientzia hori kontuan hartuta kirol jarduerak kartzelan dagozanentzat dakarrezan onuretan sakondu dabe. Holan, “ikasteko beste hainbat era esperimentatu eta sistematizatu ahal izan dabe, eta geroko irakasle horreek zuzentasun, bardintasun, alkartasun eta partaidetzan, hau da Eskola lez dogun mininoan jasotako balioetan, oinarritutako esperientziak bizi dabez euren heziketan”.
BAM Irakasle Eskolak dauan bokazinoari erantzuten deutso ekimen honek: gizarte errealitatearen aurrean adi dagozan eta errealitate horregaz konpromisoa daben irakasleak hezi eta gainerako errealitate eta erakundeakaz alkarlanean jardun baterako ekimenetan. Egitasmoak helburu bi ditu:
- Kartzelan dagozan personen beharrizanetako bati, hau da, osasun fisiko, psokologiko eta sozialaren inguruko beharrizanei, erantzun.
BAM Irakasle Eskolako ikasleen artean heziketa jarduera jakin bat bultzatu: Lehen Hezkuntzako Graduaren (Gorputz-hezkuntza aipamena) curriculumeko irakasgairen ikasi eta praktikara eroan heziketa-gizartea lotuz, gizarte kontzientzia esnatu eta hezteko eta euren lanbidea izango danetik gizarte eraldaketarako ariketa praktikoa egin; eta guzti hori ahulezian dagozan pertsonakazko alkartzea eta hezkuntzatik alkartasunez jokatzea ikasleentzat aukera ona dala sinistuz, honeek ezkutatuta dagoan errealitatea ezagutu eta bertan esku-hartu daien eta jarduera horretatik galderak egin deieezan euren buruari eta euren buruarengandik harago jo daien.
Esperientzia positiboa
Esperientzian parte hartu daben ikasleek kartzelako patioan erabili ebezan bolo batzuen antzekoetan idatzi dabez euren zirrarak eta honeen bidez ikusi daiteke ikasleen eta pertsona ahulen arteko topaketa eta hezkuntzatik alkartasunez jokatzea, “esperientzia positiboa da eta egundoko balioak ikusarazo deuskuz”, izan be, “ikuspuntua erabat aldatzen deutsu”, “daukaguna baloratu eta eskerrak emoteko balio izan deusku”, “mundu guztiak izan beharko leuken esperientzia da”. Zalantza barik, aukera ederra da gazteek galderak egin daiezan, lagundu daien eta izena eta aurpegia jarri deioezan Eleizan kartzelan egiten dauan lanari.