Derioko Seminarioa eraikineko beirateetan hainbat pertsonaia historiko irudikatzen da, esate baterako: Virgilio, Seneka edo Leoneko anaia Luis.
Gaur atara da agerkari barria, beirateen argazkiak eta ‘beirateen areto’ bikainean agertzen diran pertsonen aitamenak eta datu biografikoak batuz. Gontzal Fernandez argazkilariak atara ditu Jose Maria Muñoz abade eta artistaren artelanen argazkiak.
Txosten berezi honek Bilboko Eleizbarrutiaren ondare kultural eta erlijiosoaren egitasmorik aitagarrienetakoa agertzen dau.
Lehenengoa, Virgilio
Erromatar Inperioko olerkaririk onena izan zan Virgiliok emoten deutso hasiera sailari. Ondoren datoz, Seneka, Leoneko anaia Luis, Miguel de Cervantes eta Saavedra, Calderon de la Barca, Juan Luis Vives, Lope de Vega eta Aurelio Prudencio. Seminario honetako kaperan dagoan Lurdeseko Andra Mariaren irudia agertzen da agerkariaren amaieran.
Ahal dabela sinisten dabenek ahal dabe
Virgilio
Ez dago aholku emotea baino gauza errazagorik eta onartzen jakitea baino gauza gatxagorik
Lope de Vega
Jose Maria Muñoz
Jose Maria Muñoz Euskal Eskolako «Emen» taldeko kide izan zan 1966an. Talde bizkaitar honetan egozan sasoiko artistarik entzutetsu gehienak. Askotariko artistak batu ziran taldean: Agustin Ibarrola eta María Dapena, baita Dionisio Blanco, Gabriel Ramos Uranga, Javier Urquijo, Jose María Ucelay. Ricardo Iñurria; Pelayo Olaortua; Roberto Rodet; Jose de Lorenzo-Solis, Anselmo de Guezala, Jose Barcelo, Carmelo Garcia Barrena, Angel Cañada, Alfonso Ramil; Vicente Larrea, Iñaki García Erguin…, eta José María Muñoz. Azken honek, hainbat mural eginda eukan ordurako eta eraikitzen ari ziran eleiza barrietako beirateen eta barriztatzen ziranen diseinuaz arduratu zan. Berak diseinatu ebazan, gitxienez, Euskadiko beiraterik bizienak eta indartsuenak: 1960an inauguratu zan Derioko Seminarioko Eleiza nagusiari dagokiozanak.