23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Domekatik aurrera, hiru abade barri Bizkaian
13.09.2024

Domekatik aurrera, hiru abade barri Bizkaian

Datorren domekaz, irailak 15, Juan Reyero, Gorka Campos eta Marco Antonio Muñoz Eleizbarrutiko abadegaiak abade ordenatuko dira. On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzaina buru dala ospatuko da eleizkizuna Santiago katedralean, 18:00etan eta zuzenean emongo da web honen bitartez. Gernikaldea, Santa Ana-Mesedetako Ama-Romo (San Nikolas eta Tourseko San Martin parrokiak barne) eta Leioa eta Erandio-Astrabudua Pastoral Barrutietan jardungo dabe pastoralgintzan. Ospakizunari begira adi-adi, atzo entsegua egin eben katedralean.

Datorren domekan, Juan Reyero, Gorka Campos eta Marco Antonio Muñoz Eleizbarrutiko 180 abadeen taldean sartuko dira. On Joseba Segura Bilboko gotzainak aste honetan alkarrizketa baten adierazo dauanez, aurton, bere historiako 75 urteotan lehenengo aldiz, BIlboko Eleizbarrutian 200 abade baino gitxiago izango dira.

Bizkaian, domekatik aurrera, hiru abade gazte izango badira be, abadeen batez besteko adina 70 urtekoa da eta belaunaldien arteko erreleboak ez dau erraza emoten, ez dago-eta bokazinorik. Egoera hau gure inguruan antzematen dan “erreferentzia erlijiosoaren galeraren” isla da, gotzainak Radio Popular-Herri Irratian eskainitako alkarrizketan adierazo eban lez.

“Lagun askok eta askok ez dau bere egin aitite eta amamen esperientzia eta, ondorioz, eurentzat Jainkoa ez da garrantzitsua. Gertaera hau dala-eta, ezinbestekoa dogu gogoeta egitea eta ikuspuntu barria izatea, eta ez izan eta bueltatuko ez dan hori etsipenez oroitzea, benetan desbardina eta etorkizunera begira jarten gaituana eratzea baino”

On Joseba Segura Bilboko Gotzaina

Domekaz, katedralean, arratsaldeko 18:00etan hasiko dan eleizkizunean abade egingo diran hiru abadegaiok, bere 75. urteurrena dala-eta, kurtso bereziari ekingo deutsan BIzkaiko Eleizaren oraina eta geroa dira.

Diakonoak gogo-jardunetan
Domekaz abade egingo diran hiru abadegaiak gogo-jardunetan gidari izan eben abadeagaz

Ignacio Fernandez seminarioko errektoreak Bizkaia Irratian azaldu ebanez, eleizkizunagaz ez da ezer amaitzen, “dana hasi baino. Une bereziari ekiten jako, nork bere burua emoteko, norbera husteko, Jaunagaz eta jenteagaz egoteko uneari”.

Bizkaia Irratian egin eutsen alkarrizketan errektoreak esan ebanez, Bizkaian abade-kopuruak behera egin badau be, gora egin dabe abaderik ez dagoanean egiten diran Jaunaren Eguneko ospakizunek.

Patxo Ateca eta Gaizka Egaña abadegaiak geratu dira Seminarioan.  Aitatutako horreek, domekaz ordenatuko diran hirurek eta hezitzaileek Kataluniara erromesaldia egin eben joan dan astean. 

Eleizbarrutiko Seminarioko kideen kurtso hasierako erromesaldia 2024-25
Seminarioko kideen erromesaldia. Bartzelonako portuan

Juan, Gorka eta Marco Antonio ordenazinoa dala-eta

Urduri eta ilusinoz beteta agertu dira domekako ospakizunaren aurrean

Juan Reyero 35 urteko madrildarraren esanetan, “pozik eta Jainkoari eskerrak emonez” emongo dau urrats hau. Autortu dauanez, “bidaia luzea izan da; harridura sentitu izan dot askotan, baina baita makaltasuna be”. Eskerrak emon gura deutsez ibilbide horretan “laguntasuna eta babesa” emon deutsen guztiei, euren “maitasuna eta otoitzak funtsezko” izan diralako bere bokazinoan. Abade lez, “besteen zerbitzari, batez be txikieenen eta behartsuen zerbitzari” izan gurako leuke. Ama Teresa da bere ereduetako bat eta, beronen antzera, “maitasun eta bakearen bitarteko izan gura dot, Kristoren mezua gure Eleizbarrutiko leku guztietara eroanez”. Juanek Gernikaldeko alkarteetan lagunduko dau.

Juan Reyero
Juan Reyero

Gorka Campos bilbotarraren eretxiz, garrantzitsua da “otoitzari lotutako abade izatea, Jauna iragarten dauan eta jentearengandik gertu dagoan abade izatea”. Bere esanetan, “eguneroko ekintza txikiek” markatzen abe abadearen lan eta zerbitzua. Gorkak Begoñako Artagan Pastoral Barrutian jardun izan dau eta hilabete honetatik aurrera Areetan, Algortan dago. Abegi egin deutsan alkarteagaz batera, bere ametsetako bat beteten saiatuko da: “besteak zorioneko egin”.

Gorka Campos, diakono egin zan egunean


Aitor Uribelarrea seminarioko errektore ohiaren bitartekotzaz Ekuadorretik Bizkaira etorri zan Marco Antonio Muñozek autortu dauanez, askotariko sentimentuak ditu: “zoriona, tristura, urduritasuna, ilusinoa…”. Bere ustez, gaur egun abade izatea, “haizearen kontra joatea da” , “galtzeko zorian” dalako. Baina serio jarrita, zera dino: “dei bati erantzutea da, norbere burua deitzaileari, Jesukristori, eta honen bitartez Jainkoaren herriari, oso-osorik emotea”. Bere ustez, garrantzitsua da gizarteari “bokazinoaren zoriontasuna, gure izatasuna, eginkizuna eta gure biziaren oinarria” agertzera emotea. Markok Erandio, Astrabudua eta Leioan jardungo dau.

Marco Antonio Muñozen diakonogintza
Marco Muñozen berbak bere diakonogintzaren eleizkizunean batu ziranei

 

 

Marco, Gorka y Juan