26.06.2026

Durango izango da Bizkaiko Eleizaren erdigunea Goazen 2026an

Bilboko eleizbarrutiak 2026-2027 pastoral ekitaldiari hasierea emoteko eguna eta lekua zehaztu ditu. Goazen topaketea irailaren 26an, zapatuz, egingo da Durangon, eta Bizkaiko parrokien, mobimentuen eta pastoral eragileen topagune nagusia izango da.

Durangoko deialdiak lurraldeko hainbat lekutatik etorritako mila lagun inguru batuko ditu, lotura komunitarioak sendotzeko, fede-esperientziak partekatzeko eta pastoral kurtso barriaren gako nagusiak aurkezteko. Topaketak belaunaldi arteko izaera nabarmena izango dau.

Durangoko basilika
Durangoko basilikea izango da alkargune nagusia

Sorpresaz betetako eguna

Jardunaldia 10:00etan hasiko da eta Durangoko basilika izango da erdigune nagusia. Bertatik antolatuko dira programautako jarduerak. Parte hartzaileek herriko hainbat gune enblematiko ikusiko dabez, musika, topaketa eta alkarbizitza uztartuko dauzan jai-giroan.

Hurrengo egunetan programaren zehaztasunak azalduko badira be, egunak otoitz uneak, alkarrizketa guneak eta ospakizun izaerako jarduerak izango dauz. Alkartuta, Eliza lez, konpartitzeko, entzuteko eta alkarregaz ibilteko pentsautako ikasturte hasiera da.

Kurtso hasierako kartela
2026ko Goazenen kartela

Alkartuta, sinodo-seneko azpimarra

Goazen 2026 ekimena “Alkartuta” lemapean aurkeztu da. Elizak azken urteotan garatu dauen bide sinodalagaz zuzenean lotzen dauen adierazpena.

Sinodorako taldearen batzarra
Sinodo-seneko talde eragilearen kide batzuk batzar baten

Lelo honek aurreko edizinoetakoen bilakaera dakar, eta pertsonen, komunidadeen eta karismen arteko batasuna azpimarratzen dau. Batera, norabide berean ibilteaz gan, ikastaro barriaren proposamenak topaketatik eta erantzunkidetasunetik sortzen diran loturak sendotzera konbidatzen gaitu.

Deialdiagaz batera doan Bibliaren aipua da Ebanjelizatze Elizbarrutiko Planaren buru: «Testigantza emongo dozue nigaz zagozelako» (Jn 15,27). Hain zuzen be, dimentsino komunitario hori azpimarratzen dau kristinau testigantzaren iturri modura.

Kartelaren irudiak mezu hori indartzen dau, Otxandion, Durangaldeko udalerrian, hainbat pertsona alkarregaz oinez irudikatuz. Argazkian ikus daitekenez, Eleiza anitza da, aniztasuna oinarri hartuta komunidadea eraikitzen ahalegintzen dana.

Gazteek protagonismoa hartzen dabe

Edizino honetako barrikuntza nagusietako bat gazteen parte hartzea da. Goazen ekitaldiaren antolakuntzan buru belarri sartuta dagozalako.

Ekimena Eleizak Bizkaian belaunaldi barrien parte-hartze aktiboa bultzatzeko eta hausnarketa, erantzunkidetasun eta bizitza komunitarioaren dinamizazino prozesuetan inplikazinoa bultzatzeko egiten dauen apustuaren barruan dago.

Caritasekin batera egindako kanpaina

Aurreko urteetan lez, egun bikotxa izango da, irailaren 27an, domekan, Goazen Bizkaiko parrokia guztietan ospatuko dalako. Caritas Bizkaiak ikasturteko lehenengo kanpainea be ospatuko dau eta batutako dirua parrokietara eta erakundera bideratuko da.

El pórtico de la basílica de Durango,