Bilboko Eleizbarrutiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoan (BEMK) Arratiako eskualdeari dagokiozan lanak aurkeztu dabez gaur Zeanuriko Andra Mariaren Zeruratzea eleizan. Ekitaldian izan dira, On Joseba Segura Bilboko gotzaina, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusia eta Raquel Cilla Bilboko Eleiz Museoko zuzendaria. Parrokoak,Carlos Olabarrik, ondo etorria emon deutsie bertatutakoei alkartearen izenean.
.


Egitasmoaren jentaurreko bigarren aurkezpena da. Iazko maiatzean, Nerbioi Garaiko eskualdeari dagokiozan lanak, Katalogoaren osotutako lehenengo zatia, ezagutzera emon ziran Zeberion. Gaurkoak Arratiako eskualdera hedatu dau ibilbide hori, Bizkaiko tenpluetan iraun dauan historia-arte ondare osoa dokumentatzea helburutzat dauan ekimenaren etenbako aurrerapena berretsiz.
Lanei esker, hamar parrokia eta hirurogeta zortzi ermita katalogatu dira Artea, Arantzazu, Dima, Igorre, Bedia, Lemoa, Zeanuri, Ubidea eta Areatza udalerrietan. Dokumentazino eta ikerketa lan zehatzak egin izan dira eleiza, ermita, erretaula, eskultura, margolan urre eta zidargintzako pieza, ehun-gai, kanpai eta bestelako liturgia osagaien inguruan.
Egile-lana Bizkaiaren bihotzean
Aurkikuntza bikainenen artean, Arteako Elexabeitiako San Migel ermitan Guadalupeko Andra Mariaren irudiaren aurkitzea da. Lan hau Miguel Cabrera Guadalupeko Andra Mariaren margolari nagusi eta XVIII. gizaldiko mexikar artearen irudi garrantzitsuenetakoak (1715-1768) egindakoa da.
Artean gordetako margolana, artista bere heldutasunera iritsita egoan sasoikoa da. Eta ondarearen ikuspuntutik aitagarria dana, jatorrizko mihisea dala da. Adituen ustez, Europan aurkitu daiteken Guadalupeko Andra Mariaren irudikapenik garrantzitsuenetakoa da.
Europar erreferentziazko egitasmoa
1980ko hamarkadan hasita, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoaren bigarren emonaldi honegaz beste urrats bat emon da burutze-bidean. Egitasmoaren amaieran, Bizkaiko 785 tenpluetako ondare-osagaiei dagokiezan 10.000 fitxatik gora izango da osotuta, 1.000 erretaula eta 9.000 eskultura inguru, margolan eta urregintza eta zidargintzako piezak, 1.500 planotik gora eta 20.000 argazki inguru batuta. Europako eleiz ondarearen agiri-biltegirik osoenetakoa izango da..
Inbentariotik harago, eraikin bakotxa historia, arte eta arkitekturaren ikuspuntutik aztertzen da, artxiboetatik, bibliografia espezializatutik eta eremu-ikerketatik etorritako informazinoa erantsiz. Argibide guztiok Monumentuen Katalogoaren plataforma digitalean (www.catalogomonumentaldiocesisdebilbao.com) dagoz eskuragarri, euskeraz eta gaztelaniaz, eta hainbat tenplutan aurkitu daitekez edukiak berehala eskuratzea ahalbidetzen daben QR kodeak.
Erakunde-ahotsak
On Joseba Segura Bilboko gotzainaren esanetan, “eleiz ondarea ez da antxinako gauzen bilduma; alkartearen arrasto bizia da”.
Ahaldun Nagusiak eskerrak emoten dauz egindako lanagaitik.
— @DiocesisBilbao (@DiocesisBilbao) June 26, 2026
“Conocer el patrimonio es el primer paso para valorarlo, y valorarlo es el primer paso para protegerlo. En este sentido, este proyecto contribuye a fortalecer el vínculo entre las comunidades y su propio legado,… https://t.co/B1WQsZaGGn pic.twitter.com/viPC0UvE72
Bizkaiko Foru Aldundiak, Elixabete Etxanobe diputatuaren ahoz, ekimen honen balioa nabarmendu dau: “Ondarea ezagutzea da hura baloratzeko lehen urratsa, eta hura baloratzea da ondarea babesteko lehen urratsa. Ildo horretan, proiektu honek komunitateen eta beren legatuen arteko lotura sendotzen laguntzen du, jaso denarekiko errespetua, zaintza eta harrotasuna sustatuz.”







