27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Kultura 5 Egun seinalatuak liturgia egutegian eta folklore erlijiosoan
31.01.2024

Egun seinalatuak liturgia egutegian eta folklore erlijiosoan

Liturgia egutegian eta folklore tradizional erlijiosoan seinalatuak diran hiru egun ospatuko doguz. Barikuz, otsailak 2, Kandelerio eguna ospatuko da. Gernika-Lumon ohikoa danez, kandelak bedeinkatu ondoren umeak taldean atarako dira 'Kandelerio lerio' koplak kalez kale kantatzera. Kandelen bedeinkazinoa Andra Mari eleizan egingo da arratsaldeko zazpietako mezan. Otsailaren 3an, zapatuz, San Blas eguna ospatuko da, Bilbon eta Abadinon ospe handia dauan jaia. Uriburuan, San NIkolas eleizan bedeinkatuko dira kordoiak ordu erditik ordu erdira, goizeko 8:30etatik iluntzeko 20:00ak arte eta ordu horretan meza ospatuko da. Abadiñon, 9:30etako, 11:00etako eta 12:00etako mezetan bedeinkatuko dira kordoiak. Otsailaren 4an, domekaz, Agate Deuna egunaren bezperan, honi eskainitako koplak abestuko dira Bizkaiko hainbat herritan. Arratiako abesbatza Bilbon ibiliko da betiko moduan eta 11:45etan izango da Begoñako basilikan. 

Folklore tradizional erlijiosoaren egutegian seinalatuak diran hiru egunen bezperetan gagoz: Kandelerio, San Blas eta Agate Deuna. Kandelerio Egunez Gure Jauna tenpluan aurkeztu ebeneko jai erlijiosoa eta Andra Mariaren Garbikundearen eguna ospatzen da. Simeon adineko gizonak tenpluan, Jesusen aurkezpenean, umea ikustean “herrietan argi egingo dauan argia” zala autortu ebanean hasi zan argien ohitura. 

Vaskoniako Atlas Etnografikoan, egun honeei lotutako ohitura eta ohikuneak jasoten dira. Arbasoengandik jasotako ohituraren araber, hainbat etxetan ogizko edo kremazko tostadal prestatzen dabez.

Ajangiz, Bedarona, Durango, Gautegiz Arteaga, Gorozika, Nabarniz, Orozko, Karrantza eta Zeanurin, kandelerio egunez bedeinkatutako kandela bat gorde egiten zan, ekatx-egunetan bizteko. Ajurian zehaztu dabenez, kandela biztean aitaren egiten eben. Etxez etxeko bisita egiten ebenen arteko irudiren bat izan ezkero, kandela santu edo santaren aurrean bizten zan eskaria sendotzeko (Gernika). Kandelerio egunez bedeinkatutako kandelak etxean gordeten ziran eta egun seinalatutetan biztu: ekatxa egoanean, hilzorian zan norbaiten gelan bere agonian laguntzeko, etxeko norbait bidaian zanean, e.a…

Kandelerio Gernika
Kandelen bedeinkapen-ohikunea Gernikako Andra Mari eleizan

`Kandelario, lario´

Labayru Fundazinoak, `Aratusteak´ liburuan, Gernikan, Segundo Olaeta musika-bandaren eta Elai-Alai dantza-taldearen laguntzagaz, kalez kale kantatzen diran koplak jaso ditu:

`Kandelario, lario, lario, hatxari ura dario;
makatzari madari, eutsi Peru hankeari´.

San Blas

San Blas eguna be -otsailak 3- egun seinalatua da neguko folklore erlijiosoan, Vaskoniako Atlas Etnografikoan agertzen danez. Egun horretan, kordoiak eta jakiak bedeinkatzen dira. Fede herrikoiaren arabera, eztarriko gatxetatik gordeteko edo gatxak osatzeko balio dabe. Hori sinistuta bedeinkatzen dira San Blas hari edo kordoiak, eta bederatzi egunez saman eroan eta gero, erre egiten dira.

Otsailaren 3an, honako jakiak eroaten ziran bedeinkatzera: frutu lehorrak, txokolatea, gailetak eta karameluak, batez be malbabiskoak. Antzina, ohiko elikaduraren osoagaiak be bedeinkatzen ziran, esate baterako ura, gatza, azukrea edo eztia, eta baita etxe-abereak eta eriteko haziak be.

Ohikoa danez, Abadiñon eta Bilbon bedeinkatuko dira San Blas kordoiak

Agate Deuna

Kataniako santaren egunaren bezperan, Vaskoniako folklore erelijiosoari estu lotutako ohitura dago: Agate Deunari eskainitako koplak abestu.

Aurton, ohikoa dauanez, Arratiako abesbatzak santari abestuko deutso domekaz Amatxuren oinetan.

Atlasean, ‘sendabideei’ eskainitako atalean, santari lotutako ohikune eta ohiturak jasoten dira: “Edoskitzaroan arazorik izan ezkero, batez be Agate Deunari eskainitako ermitetara joten zan, tradizinoaren arabera, bere martiritzan bularrak moztu eutsezan-eta. Ohitura horri eutsi izan deutse Dima, Alonsotegi, Izurtza, Natxitua eta Zeanurin. Azken ermita honetan, amek aspaldi orioa eskaintzen eben eta gerora kandelak eta dirua. Bedaronatik Natxituako ermitara joaten ziran eta Durangotik Izurtzakora”.

Ermitas dedicadas a San Blas y a Santa Águeda en Bizkaia

Orozko bailaran, Agate Deunarenganako debozino handia egoan. Bere irudia Olarteko San Bartolome parrokian gurtzen da. Bere egunez, otsailaren 5ean, “urtean ama izan diran bailarako emakume guztiak euren umeakaz joaten dira eleiza horretan ospatzen dan mezara, seme-alaben osasunaren alde eta arazo bako edoskitzea izatea eskatuz”.

Bizkaian Agate Deunaren izenpeko dan parrokia bakarrean (Kastrexana-Barakaldo), bezperan, hau da domekan ospatuko da meza 11:00etan eta egunean bertan, astelehenean, 10:00, 11:00, 12:00 eta 13:00etan eta hurrengo domekan, hilak 11, 10:00, 11:00 eta 12:00etan.