Zornotzan, zapatu goizez egin zan batzarrean, bikaritza bietako parrokia alkarteetako ordezkariek parte hartu eben. Hasierako otoitzaldiaren ostean, bateratze-lana eta alkarrizketa izan ziran, azkenean be, bateratze-lana eta otoitza izan ziralarik.
Gurutzetan erabilitako metodologia bera erabili zan, partaideen hartu-emona eta zuzeneko parte-hartzea lehenetsiz. Talde batzuetan, euskeraz egin eben.
Atzo IV. eta V. Bikaritzetako sinodo-seneko topaketea.
— @DiocesisBilbao (@DiocesisBilbao) March 15, 2026
En Amorebieta, las personas creyentes de la zona conversan sobre los retos de la Iglesia en Bizkaia. #batera #sínodo pic.twitter.com/kGgUvG5xX6
On Joseba Segura Bilboko gotzaina, Kerman Lopez bikario nagusia eta Alex Alonso lurralde bikarioa be izan ziran Zornotzan, sinodorako batzorde eragileko kideakaz batera.
Sinodoko azken agiria lantzeko eratutako taldeetako eleiztarrak batu ziran, leku honeetatik joanda: Zornotza, Lea-Artibai, Gernikaldea, Bermeo, Oiz-Anboto, Galdakao, Arratia, Durangaldea eta San Miguel-Orozko.
Talde lana eta azken ondorioak.
— @DiocesisBilbao (@DiocesisBilbao) March 14, 2026
Conversación en grupos y compartiendo ideas.
Topaketa Aita Gurea errezatuz amaitu da. #batera https://t.co/zPKnyXOILk pic.twitter.com/TfNlvfJ3fm
Gotzainaren berbak
On Joseba Segura gotzainak adierazo ebanez, nabarmentzekoa da emakumeek sinodo-prozesuaren garapenean egiten diharduen lana.
Gotzainaren esanetan, emakumeek batzar honeen antolaketa, komunikazino eta jardunbidean daben egitekoa “deigarria” da, baita eleizbarrutitik kanpo be.
Begirada eroapentsua
Segurak begirada eroapentsua eskatu eban eleiz prozesuen berariazko erritmoen aurrean. Batzuetan, aldaketek denpora asko behar izaten dabela sentitu daikegula esan eban, baina bere esanetan, “gauzak aldatu egiten dira”. Ekindako lanari etsipenean jausi barik eustea ezinbesteko dala aitatu eban.
Zornotzan, entzute eta ardurakidetasunean oinarritutako ereduaren alde egin eban.
Prozesu hau, mundu osoko Eleizak egiten diharduan bidean txertatu eban. Hilabeteotan dinamika honetan parte hartzen diharduenen etenbako lana eskertu eban.
Gizarte testuinguru zatituan, alkartasunak dauan garrantzia nabarmendu eban. Aurrera begira, alkarregaz bide egiten jarraitzeko eskatu eban, egitasmo beraren barruan askotariko sentsibilitareei eutsiz.
DATUAK
150 sinodo-talde Bizkaian
1.500 lagunek parte hartzen dihardue
33 sinodo-talde IV. eta V. bikaritzetan
400 partaide baino gehiago
Bikaritzako hirugarren eta azken batzarra
Hirugarren eta azken saioa martxoaren 28an izango da eskolapioen ikastetxean. Bertan, III. VI. eta VII. bikaritzetakoak batuko dira, prozesuko hurrengo aldia prestatzeko.






