22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Ekitaldia Vicente Zabala jesuitaren oroipenez bere heriotzaren 20. urteurrenean
08.11.2024

Ekitaldia Vicente Zabala jesuitaren oroipenez bere heriotzaren 20. urteurrenean

"Vicente Zabala" kultur alkarteak ekitaldia ospatuko dau gaur arratsaldez Vicente Zabala (Tolosa 1931-Durango 2004) abade jesuita omentzeko. Arduradunek azaldu dabenez, "berbaldi-solasaldiaren bidez, Zabala gogoratuko dogu eta partaideek edozein unetan hitz egiteko aukera izango dabe". Ekitaldia Arrupe aretoan (Jesuitak, sarrera Kurutziagatik) izango da, 19:00etan. Zabalak euren bokazinoaren bereizketan lagundu eutsen Dionisio Larrañaga, Iñaki Loinaz eta Vicente Vide Durangoko abadeek parte hartuko dabe. 

Gaztetatik erakutsi eban Vicente Zabalak bokazino erlijioso sakona. San Jose jesuiten Durangoko ikastetxean egin ebazan ikasketak eta hantxe ekin eutsan bere ibilbideari jesuita lez. Denporaldi laburra Murtzian igaro ondoren, Durangoko ikastetxera bialdu eben. Beranduago, San Fausto parrokiara, non pastoral, gizarte, kirol eta kultur jarduera nagusia garatu eban. 

Durangon bakarrik jardun eban abade lez, bete-betean txertatuta lekuko alkartean. Bere jarduera erabakigarria izan zan Tabiran maiatzeko eta urriko debozinoei eta Aste Santuko prozesinoei eusteko.

Arrosarioko Ama eta Vera Cruz kofradiak berreskuratu eta andra Mariari buruzko kongregazinoak bultzatu ebazam, eta, gainera, Durangoko historiari, bertako erakunde eta jenteei buruzko liburuen Kurutzeaga bilduma sustatu eban, bera zalarik egile nagusia.

Vicente Zabala arduratu zan Tabirako eleizen (San Pedro eta Arrosarioko Andra Mari) barriztapenaz eta, Durangoko zaindariaren egoitza izan arren, guztiz hondatuta egoan San Fausto ermitaren berreraikuntzaz. Hemen kokatu zan parrokia barria eta Vicente bertako arduradun izan zan ia azkenera arte. Vera Cruz ermitaren barriztapena be sustatu eban. 

Vicente Zabala 2004ko abuztuan hil zan, “ezagutu ebenek ahazten ez daben hurkoarenganako zerbitzu eta maitasunezko ondarea itziz”.

Una imagen de Vicente Zavala, en su despacho