30-12-2024 Lunes, semana - navidad
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 “Giza liburutegiak” egitasmoa, Bilbon
24.05.2023

“Giza liburutegiak” egitasmoa, Bilbon

Aniztasunetik ulermena sustatzeko helburuagaz, bigarren urtez jarraian ospatuko da Bilbon "giza liburutegiak" ekimena, Migrazinoetarako Bilboko Eleizbarrutiko Mahaiak (Bizkaiko Caritas, Ellacuria Fundazinoa, Bidesari, Itaka, Oblatak) sustatuta. Hainbat herritartasuneko pertsonen arteko solasaldi irekien bidez, alkartearen onarpen, tolerantzia eta batasuna eragin gura da. Antolatzaileen esanetan, ikuspuntu desbardina emon gura da, "lagunarteko solasaldiaren bidez estigmei, estereotipoei eta aurreretxiei aurre egiten saiatzeko". Topaketa, bihar -maiatzak 25, eguena- ospatuko da Burtsa eraikinean (Pilota kalea, 10. Bilbao), 19:00etatik 21:00etara. 

“Relatos de vida, memorias de la juventud migrada-Alkarbanatzen” goiburuaren haritik ospatuko dan gaur arratsaldeko saioan, sei lagunek euren lekukotasuna emongo dabe. ‘Giza liburutegiak’ ekimenak askotariko esperientziak ezagutzearen garrantzia nabarmentzen dau. Esperientziak batera jarriz, desbardintzat doguzanei dagokien gizatasuna emoten jake, izan be, “giza funtsak” dabezan liburutegiak dira. Hau da, ez dira liburuak maileguan emoten, pertsonak baino, “beste batzukaz alkarrizketan jarduteko eta bakotxaren inguruabarrak batera jarteko”. 

Egitasmo hau Danimarkan sortu zan 1993an, Dany Abergel, Asma Mouna eta Ronnib Abergeli bururatuta. Kopenhagen, gauetan, indarkeria-bolada handia jasaten ari ziran eta horri konponbidea jarri nahi izan eutsen, besteak beste, euren lagun bat sastakaiaz erasotu ebelako. Stop the Violence GKEa jarri eben martxan, indarkeriaren inguruan gazteriaren kontzientzia esnatze aldera, sentiberatasuna bizteko eta heziketa sustatzeko kanpaina burutuz. Jarduera honen arrakasta lez sortu ziran Human Library deitutakoak nazinoarteko mobimentu lez (2000).