01-04-2026 Miércoles, semana - semana santa
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Eleizak Lurralde Santuaren aldeko eguna ospatuko dau barikuz
01.04.2026

Eleizak Lurralde Santuaren aldeko eguna ospatuko dau barikuz

1974tik hasita, Bariku Santuz Lurralde Santuari laguntzeko diru-batze berezia egiten da. Paulo VI.a aita santuak sustatu eban jarduera hau, mundu osoko katolikoak deituz Lurralde Santuko eleizei laguntza zehatza emotera. 

Kerman Lopez bikario nagusiak mezua idatzi dau Lurralde Santuaren aldeko egun hau dala-eta, besteak beste, esanez: “Ez gaitezan sekula egoera larrian dagozan anai eta arreba fededunen alde otoitz egiteaz ahaztu, eta zehazki Bariku Santuz, mundua itxaropen ororen aurka barriro itxaroten hasi eiten bere bizia emon eban Ha gogoratzen dogun egunez, diruz laguntzeko keinua egin dagigun, pertsona horreei euten etxeak konpontzen, barriro eskolak zabaltzen eta Jesus ibili zan lekuetan fedearen oroimen biziari eusten lagundu ahal izateko”.

Gura dauanak, parrokian bertan emon leike diru-laguntza edo dirua Frantziskotarren kontuan sartu (Caja Laboral/Laboral Kutxa):

ES83 3035 0332 2833 2000 8101

Lurralde Santuan dagozan frantziskotarrek katolikoei eskuzabaltasunez jokatzeko eskatu deutse

Fray Francesco Ielpo Lurralde Santuko jagoleak dei egin deutse mundu osoko katolikoei euren otoitzetan gogoan izan dagiezan “Berrerospenaren lekuetan bizi diran kristauak eta eskuzabaltazunez lagundu eiozue Bariku Santuz egiten dan Lurralde Santuaren aldeko kolektagaz”.

Batu daiten dirua Lurralde Santuko Komisarioen esku itziko da eta honeek, era berean, Lurralde Santuko Jagolen esku itziko dau hango santutegiei eta Lurralde Santuko harri bizi diran kristauei eusteko. 

Aurton, “Itxaropena emon, bakea erein” goiburuaren haritik egingo da diru-batze hori eta frantziskotar jagoletzaren arabera, “alkartasun eta itxaropenezko zeinu zehatza da”. Fray Ielpok gogoratu dauanez, “gaur, Leku Santu honeetatik, gure zerbitzuaren zentzun eta itxaropena ataraten dihardugu Pazkoaren iturritik. Bistakoa danez, bizi dogun sasoi hau gatxa da. Gerrak, indarkeriak eta segurtasunik ezak gogor astindu dabez Gaza, Palestina, Israel, Libano eta Siria”.

Diru-batzea

Gainera, Claudio Gugerotti Ekialdeko Eleizetarako Dikasterioko kardinal prefektuak be deialdia egin deutso Eleiza katoliko osoari diru-batze hau sustatu dagian. 

Kardinalak bere mezuan dinoanez, “urtez urte esaten diran berbak gero eta errepikakorragoak dira”. Gatxagoa da, gainera, heriotzak etenbakoak diran, lurrak eskuratzeko borrokak eguneroko ogi diran eta kristauek bizia salbatzeko ihes egin behar daben testuinguruko zauriak “zelan ezabatu eta osatu pentsatzea”.  

Lurralde Santuko Jagoletzaren egintzak

Frantziskotarrak, besteak beste, kristau gitxiengoen aldeko laguntza eta garapenaz arduratzen dira, batez be, larrialdiei aurre eginez, aztarnategi arkeologikoen, santutegien garrantzia nabarmenduz eta kultu-etxeetako liturgia zainduz.

2024 eta 2025ean, leku honeetan esku-hartu eben erromesei eta lekuko alkarteari zuzendutako egitasmoen bidez: Rodas, Jordania, Siria, Libano, Egipto eta Italia. Egitasmo horreek garatzeko, Bariku Santuko kolektetatik jasotakoaz gainera, funts honeez baliatu ziran: Lurralde Santurako Frantziskotar Fundazinoarena, Pro Terra Sancta Alkartearena. Guzti horri, dohaintza pribatuak eta erakundeenak gehitu jaken. 

Gura dauanak, parrokian bertan emon leike diru-laguntza edo dirua Frantziskotarren kontuan sartu (Caja Laboral/Laboral Kutxa):: ES83 3035 0332 2833 2000 8101

Jerusalén.