22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutia, ETAk hil eban lehenengo biktima zibilari eskainitako omenaldian
30.04.2024

Eleizbarrutia, ETAk hil eban lehenengo biktima zibilari eskainitako omenaldian

Udaleko ordezkariek, Juan Mari Aburto alkartea buru, eta "Bilbao Foroa Bake eta Bizikidetzaren alde" erakundekoek, non Galo Bilbaok parte hartzen dauan Bilboko Eleizbarrutiaren izenean, oroitzapenezko plaka barria ipini dabe urian. Ekitaldi sinboliko honen bitartez aukera emon gura jake herritarrei gogoan izan daiezan indarkeria terroristaren eraginez erahildako pertsona guztiak. Kasu honetan, Fermin Monasterio Perez bilbotar taxilariari eskaini deutse omenaldia. ETA talde terroristako kide batek tiroz hil eban 1969.eko apirilaren 9an. ETAren lehenengo biktima zibila izan zan eta alarguna eta hiru alaba umezurtz itzi zituan. Horreetako bat, Dori Monasterio, Bake eta Adiskidetzerako BIlboko Eleizbarrutiko Batzordeko kide da eta gainerako taldekideek be parte hartu dabe ekitaldian.

Gaur, omenaldi beroa eskaini deutse Fermin Monasteriori, lore-eskaintza eginez eta plaka jarriz. Agintariak, Bilbao Foroa Bake eta Bizikidetzaren alde erakundeko kideak, Luis Mari Vega Bake eta Adiskidetzerako Eleizbarrutiko batzordeko zuzendaria eta beste hainbat kide izan dira, besteak beste, ekitaldian. 

Bere izena daroan plaka Deustun ipini dabe, Botica Vieja parkeko lorategian, iturriaren ondoan. Familiaren etxetik gertu dago leku hau. Jarduera honen bidez familiaren nahia bete da: lanean ari zanean, 38 urte ebazala bizia kendu eutsen Ferminen historia ezagutzera emon eta ez ahazteko bidea jarri. 

Helburu horregaz, behealdean QR kodea jarri da, beronen bidez udal webera eta “Oroimenaren Bilboko mapa” sartzeko eta Uribilduan indarkeria politikoari eta terrorismoari lotuta gertatu diranak ezagutu ahal izateko. 

Testimonio de Dori Monasterio, hija de Fermín Monasterio, asesinado por ETA

Fermin Monasterio taxilaria

Burgoseko semea, Artekale kalean (Bilboko Zazpi Kaleak) gertatu zan polizia-operazinotik zaurituta ihes egin eban ETA talde terroristako kide batek hil eban 1969.eko apirilaren 9an. San Anton eleizaren inguruko taxi-geltokian pistolaz apuntatu eban bere autoaz lanean egoan Fermin Monasterio eta uritik urtetera behartu eban.

Bidean, iheslaria zaurituta egoala ikusita, zer gertatzen ari zan argitu barik ez ebala aurrera egingo esan eutsan eta, orduan, hiru tiro jaso ebazan; Arrigorriaga parean, autotik atara eta laugarren tiro bat jaurti eutsan eta bide-bazterrean itzi eban, taxian ihes eginez. Lagun batek aurkitu eban hil-zorian eta Basurtuko ospitalera bizirik heldu bazan be, laster hil zan. Orozkon aurkitu eben bere ibilgailua.

Omenaldia Fermin Monasteriori
Dori Monasterio Bake eta Adiskidetzerako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeko kide da

In memoriam

Fermin Monasterioren plaka Bilbon terrorismoaren biktimen omenez jarten dan laugarrena da. Lehenengo plaka 2021eko azaroan jarri zan Angel Pascual Mugica Lemoizeko zentral nuklearreko egitasmoen injineruaren omenez. ETAk hil eban 1982an, Begoña auzoan. Hurrengo plaka 2022ko irailean jarri zan Jose Maria Urquizu Goyogana bilbotarra gogoratzeko. ETAk 1980.eko irailaren 13an hil eban bere familian Durangon eban botikan lanean ari zala. Familiak eskatuta, Doña Kasilda parkean jarrita dago, 2006an inauguratu zan terrorismoaren biktimei eskainitako monolitoa dagoan lekuan. Hirugarren plaka 2024ko martxoan ipini zan, Kale Nagusiko 1. zenbakian, Plaza Zirkularraren ondoan, Banco de VIzcaya dalakoaren egoitza egon lekuan. Hantxe egin eban lan Benicio Alonso Gomezek eta ETAk 1983.eko otsailaren 5ean hil eban bonba estandarazoz.

Bilbao Foroa Bake eta Bizikidetzaren alde

Foro hau 2017.eko urriaren 16an sortu zan “batzeko eta alkarlanean aritzeko leku lez, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei zuzendutako udal politika publikoen sustapenerako”. Errespetu eta bizikidetza lako balioetan sakontzeko lagungarri izan daitekezan jarduketa eta egitarauak lantzea eta adostea da bere xedea. 

Un momento del homenaje