23-02-2026 Lunes, I semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiak bikarioak aukeratzeko prozesuagaz jarraituko dau
23.02.2026

Eleizbarrutiak bikarioak aukeratzeko prozesuagaz jarraituko dau

Bilboko eleizbarrutiak ekin deutso era ofizialean bikario natusia eta lurralde bikarioak izendatzeko azterraldiko bigarren aldiari, joan dan abenduan kargu honeek barritzeko martxan jarritako eleiz gogoeta eta ardurakidetasunezko testuinguruan.

Egutegian, aldi bi aurreikusi dira. Lehenengoak, 2025eko abenduaren 1etik 2026ko urtarrilaren 23ra burututa, lehen aukeraketa egin eta gehien bozkatutako izenak zehazteko balio izan dau.

Otsailaren 16an bialdu ziran bigarren aldirako lagungarrian eta orain behin betiko proposamena zehaztuko da. Erantzunak Gotzaitegiko Idazkaritza Nagusira bialdu behar dira datorren martxoaren 23ko 14:00ak baino lehen.

Zerrenda orientagarriak eta hautagaiak

Proposamenak jasotzeko lehenengo aldiaren ostean, zerrenda orientagarriak osotu dira, kontsultatutako norbanako eta taldeen artean babes gehien jaso daben abadeen izenak ordenan jarrita. Hautagaiek agertutako prestasuna be adierazoten da.

Abade guztiak -sekular edo erlijioso-, pastoral arlo baten ala bestean, ministerioan jardunean dagozan inkardinatutakoak edo eleizbarrutian bizi diranak, orain be hautagai dirala gogoratzen da.

Bikario nagusiaren kasuan, aurreko aldian gehien proposatu dabezanak honeek dira:

•     Kerman Lopez

•     Carlos Olabarri

•     Fernando Marcos Ayjon

Azken aldi honetan, partaide bakotxak izen bakarra proposatuko dau bikario nagusi kargurako eta beste bat dagokion lurralde bikario kargurako, eta zerrendetan ez dagozan hautagaiei botoa emoteko aukera dago.

Parte-hartzea eta konfidentzialtasuna

Azterraldirako araudiaren arabera, parte hartu leikie ministerio ordenaturako kideek -abade, erlijioso, diakono eta laiko- banako botagaz eta ordezkaritza zabalak ardurakidetasun organoen, pastoral batzordeen, biziera sagaraturako institutuen, mobimentuen, alkarteen, erakundeen EBI sarearen eta bikaritza mahaien bidez, talde-botoa emonez.

Prozesuan bakarrik behin parte hartu daiteke, nahiz eta hainbat talde edo alkartetako kide izan, eta beren-beregi prestatutako papertxo eta kartazalak baino ez dira erabiliko konfidentzialtasuna ziurtatzeko.

Azken erabakiaren bila

Bigarren aldia amaituta, gotzainak bereizketarako aldiari ekingo deutso behin betiko izendapenak egin aurretik. Kargu-hartzea 2026ko irailaren 1ean izango da.

Primera sesión del Consejo Episcopal Ampliado.