20-04-2024 Sábado, III semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
14.05.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Aste honetan web orrialdean jaso danez, Ermuan, joan dan asteburuan, hainbat umek lehenengo jaunartzea ospatu dau eta, ohiturari jarraituz, abitua jantzita egin dabe.

Lehenengo Jaunartzea abituz egiteko ohitura honek bateo-sena dau eta, aldi berean, eukaristia-sena.

HOAC mobimenduaren eskutik, Santurtzin, ‘World-kafe’ erara garatu daben jarduera be nabarmendu da aste honetan. Bertan, maiatzaren 28ko hauteskundeetan, Ezkerraldeko hainbat herritako alkatetzarako alderdi guztietako hautagai diraniek parte hartu eben.

Alkarkutxa, Bizkaiko parrokien arteko alkartasuna bideratzen dauan erakundeak 50 urte bete dituala be jakinarazo da webean.

On Joseba Segura gotzaina

Aste honetan be, Bilboko gotzainak hainbat jardueratan parte hartu dau eta horren barri emon da web orrialdean.

Esate baterako, On Joseba Segurak BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasleakaz izan dauan ekitaldiaren ingurukoak jaso dira.

Parte hartu daben ikasleek eskertu egin dabe gotzainaren “hurkotasun eta zintzotasuna”, eta askotariko galderak egin deutsez, pertsonalak eta Bizkaiko Eleizaren erronken ingurukoak, bizimoduen ingurukoak edo sexu gehiegikeriei buruzkoak.

Mons. Sebastian Thekethecheril, Indiako Kerala estatuko Vijayapurameko gotzainak Bilboko gotzainari egin deutsan bisita be nabarmendu da. 

Mons. Sebastian Thekethecheril indiar gotzainak Bilboko gotzainaren urtebetetze-egunean egin dau bisita eta hori dala-eta tarta oparitu deutso asteko ikus-entzunezko laburpenean jaso danez. 

Webean iragarri danez, On Joseba Segura gotzainak Paulo VI.a Fundazinoak antolatutako “Lanaren eraldaketa” Mintegian parte hartu dau amaierako ekitaldian. 

Osasuna

Maiatzaren 14an, domekaz, ospatutako Gaixoaren Pazkoaren ingurukoak be agertu dira webaren azalean.

Ospakizun honegaz burutuko da otsailean hasitako kanpaina

“Mariaren Legioia” mobimentuak antolatuta, ekainaren 10 eta 11an Lourdesera egingo dan erromesaldiaren barri be emon da. 

On Joan Maria Uriarte gotzaina

On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratuak 90 urte beteko dituala-eta, Eleizbarrutiak egin gura deutsan autorpena be azaldu da web orrialdean.

Gotzain erretiratuaren urtebetetzea dala-eta, ekainaren 9an esker oneko Eukaristia ospatuko da eguerdiko 12:00etan Begoñako basilikan eta zuzenean ikusi ahal izango da gure hedabideetan.

Musika

Hainbat izan dira, bestalde, musikari lotutako barriak.

Adibidez, “Bilbao hiria” nazinoarteko organo-jaialdiaren XI. ekitaldia. Webean jakitera emon danez, jaialdiko lehenengo kontzertua Begoñako basilikan izango da.

Larogei urte bete dituan Durangoko basilikako organoa be nabarmendu da. Urteurrena ospatzeko David Briggs organistak -bere interpretazinoetan, musikaltasuna, birtuosismoa eta adin guztietako entzuleak hunkitzeko eta erakarteko gaitasuna nabarmentzen dira- doako kontzertua eskaini dau.

Bidezko Merkataritzaren Eguna eta Mesedetakoek Loiun  daukien ikastetxearen mendeurrena be nabarmendu dira aste honetan webean.

Eleizbarrutiko asteko barriak minutu baten. Hauxe da Astekoak