27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko Misinoen deia “bide barrietara” lotzeko
14.03.2024

Eleizbarrutiko Misinoen deia “bide barrietara” lotzeko

Aurton, martxoaren 19ean, San Jose egunez, "Bide barriak / Muevos caminos" goiburuaren haritik ospatuko dan Misinoen kanpaina, desbardina izango da, ez da-eta jaieguna. Feli Martinek, egun honen inguruan idatzi dauan gutunean, eskaria egin dau: datorren domekan, martxoak 17, martitzenez, martxoak 19, Eleizbarrutietako Misinoen eguna dala gogoratu daitela. Kanpainaren inguruko barriak (lagungarri eta jarduerak): hemen.

2023an, Euskal Eleizbarrutietako Misinoek euren 75. urteurrena ospatu ebela gogoratzen dau bere gutunean Feli Martinek. “Hirurogeta hamabost urteotan makina bat gauza ikasi dogu eta guzti hori gure Eleizbarrutietan be agertu izan da. Misinoaren ekimena geurea ez dala pentsatuta eta sinistuta, misino-historiako ibilbidean bide egiten jarraitzea da gure erronka”.

Bide barriak/Nuevos caminos”

Feli Martinen esanetan, “gaur egun, erronka barriak, bide barriak…, doguz aurrez aurre eta horixe adierazo gura dogu aurtengo kanpainarako aukeratu dan goiburuagaz. Bide barrietara lotzeko deia da, Frantzisko Aita Santuak dinoskunez, iturria begi-bistatik galdu barik: ‘Iturrira bueltatu eta Barri Onaren jatorrizko freskotasuna berreskuratzen saiatzen garan bakotxean, bide barriak, jardunbide sortzaileak, adierazpen barriak, zeinu nabarmenagoak, esangura barridun berbak sortzen dira gaurko mundurako. Egia esan, benetako jarduera ebanjelizatzailea, beti da «barria»’”.

Misinoen kanpainaren inguruan gehiago jakiteko: hemen

Misino-lekukotasunak

Balmasedan:

Eleizbarrutietako Misinoek hainbat jarduera egiten dihardue San Jose egunaren inguruko kanpainan.

Martxoaren 9an, zapatuz, Garbealde Pastoral Barrutian Garizuma-aldirako antolatu dabezan berbaldietako baten, Isabel Matilla misiolariak lekukotasuna emon eban Balmasedako San Severino parrokian. Isak Ekuadorreko Manabi probintziako La Estancilla inguruan nekazarien alkarteakaz bizi dauan misino-esperientziaren barri emon eutsen bertaratutakoei. Gehiago jakiteko: hemen.

Gernikan

Martitzenez, Paulino Ordaxen lekukotasuna entzun eben Gernikan. 

Ekuadorren 15 urte inguru emon ondoren, Ordax bueltatu egin da eta Eleizbarrutian jarraituko dau pastoralgintzan.

Feli Martin Misinoetarako Eleizbarrutiko ordezkaria be izan zan Gernikan eta esker ona adierazo eutsan Misinoetarako taldeari egiten dauan lanagaitik. Saio berean, bideo bidez, Beatriz Garcia Bachitak eskerrak emon eutsezan gernikarrei euren alkartasunagaitik. Bachita Gernikan izan zan iazko kanpainako jardueren barruan. 

Gehiago jakiteko: hemen.

Paulino Ordax
Paulino Ordax
Feli Martin Gernika
Feli Martin

Misinoen inguruko kafe-solasaldia eta berbaldia, Bilbon

Atzo -eguaztena-, ekitaldi bi ospatu ziran Barria eraikinean (Plaza Barria, 4). Hasteko, kafe-solasaldia izan zan, Juan Mari Bautista, Joseba Bakaikoa, Paulino Ordax eta Isabel Matilla misiolarien parte-hartzeagaz. Ondoren, Espainian Afrikako Misiolarien ordezkari probintziala dan Manu Osa Aita Zuriak berbaldia emon eban.

Kafe-solasaldia Misinoen kanpainan

Saioaren lehenengo zatian, lau solaskideek misino-lekukotasuna emoteaz batera, gaur egun Ekuadorren bizi dan egoera azaldu eben, “narkotrafikoa dala-eta hiltzear”, Bautistaren esanetan. Honek azaldu ebanez, egundoko pobretasuna dago, “ondasunak txarto banatuta dagoz-eta”. Juan Marik esan ebanez, bera Ekuadorren dago “uriak bere izena be galdu egiten dauan lekuan egoteko deiari” erantzunez. Apaltasunez bizitzearen eta “eurakaz bide egitearen, euren bidelagun izatearen” garrantzia azpimarratu eban.

Kafe-solasaldia Misinoen kanpainan

Bakaikoak azaldu ebanez, indarkeriaren egundoko gorakadaren eraginez, milaka lagun bortizki hil da azkenaldian, “asko eta asko kartzeletan, eta baita kaleetan be, taldeen arteko borroken eraginez”.

Kafe-solasaldia Misinoen kanpainan

Isa Matillak aitatutako arazo horreen eraginez gertatzen ari dan despopulazinoa nabarmendu eban: “Zer egin gero eta pobreagoa dan herrialdean? Pobretasunak gizatasuna kendu egiten dau”. Matillak esan ebanez, ez dago bitartekorik osasun eta azpiegituren arloan, “ez dago ez osasun publikorik ezta errepiderik be”. 

Kafe-solasaldia Misinoen kanpainan

Paulinoren esanetan, egoerak okerrera egin dau nabarmen azken urteetan. Heziketari dagokionez, “jenteak ezin dau ez libururik ez uniformerik erosi. Gose dira. Jesusen irudia eredutzat hartuta, jentearen alkartasuna bizten saiatzen gara”. 

Manu Osa

Besteak bestea, Burkina Fason eta Kongoko Errepublika Demokratikoan pastoralgintzan aritu izan dan Manu Osa Aita zuriak emon eutsan amaiera sarioari, “Bide barriak misinoan” goiburuaren haritik jardunez. Bere esanetan, “misiolariak, edozein kristau konprometituk lez, jakinaren gainean eta arduraz bizi behar dau bere fedea eta egiteko. Barri Onaren iragarle izateko bokazinoari leial, misiolariak etenbako bereizketa egin behar dau eguneroko bizitzan, garaien zantzuak aztertu egin behar ditu, bere konpromisoa barrituz eta misinoaren gaur egungo erronkei eta helburuei egokituz”.

Kafe-solasaldia Misinoen kanpainan
Manu Osa eta Feli Martin Misinoetarako ordezkaria
Kafe-solasaldia Misinoen kanpainan