27-04-2024 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Jesusen agerpen publikoa hildakoen aldarrikapen da, batez be ezezagun eta ahaztutakoena”
13.03.2024

“Jesusen agerpen publikoa hildakoen aldarrikapen da, batez be ezezagun eta ahaztutakoena”

Atzo, Bilboko gotzainak Bilboko Aste Santuko pregoia emon eban, Kofradiek On Joseba Segura aukeratu eben "Bilbon jaiotako lehenengo gotzaina dalako eta euren agerpena eta barruko barrikuntza sustatu daualako". Kofradia gehienak fededunen alkarte pribatuak ziran eta gotzainak bultzada emon deutse fededunen alkarte publiko bihurtu daitezan, "euren jarduera publikoa" da-eta. Amaia Arregi jarduneko alkartea bertan zala ospatu zan ekitaldiari Luis Alberto Loyo katedraleko deanak egin eutsan sarrera. Ondoren, Luis Olaortua Penitentziazko Kofradien presidenteak aurkeztu eban gotzaina eta honek pregoi probokatzailea, gizarte kritikaz betetakoa emon eban, Aste Santua gero eta kontrakulturalagoa dala aditzera emonez. 

Gotzainak euskeraz esan ebazan lehenengo berbak: “Ohorea eta pozgarria da niretzat gaurko aukera hau. Izan be, plaza publikoan jartze honek, erlijioaren eta herri-nortasunaren ingurumarian hausnarketa egiteko modua eskaintzen deust”.

Gero, Aste Santuari buruzko metafora egin eban, kalean, Bilbon eta Bizkaian, “askotariko hariez osatutako tapiza, urtero ozen entzun geinken herri erlijiositateko sinfonia” dala esanez.

Aita Santua aitatuz, herri erlijiositatearen garrantzia nabarmendu eban, “goitik eta kanpotik epaitzen danean, aintzat ez hartzeko arriskua” izaten dala adierazoz. Honen haritik nabarmendu ebanez, kofradiakide batzuk “arrazoiz” sentitu izan dabe adierazpen erlijioso honeek ez dabela “laguntasunik jaso, ezta onespenik be, zenbait eleiz talderen eta eleiz gizonen aldetik”.

Etendura eguneroko bizitzagaz

Eginkizun “erraza” ez bada be, Aste Santua, fededunentzat, “bihotza zabaltzeko” eta “mundu honetako zirkulu itxiak apurtzeko” aldia da. “Munduak zabaltzea eta orain be giza senidetasuna lortu daitekela sinistea eta horretan uste osoa jartea” behar dauala esan eban.

Fededunontzat, Aste Santuak, aparteko zentzua dauka. Iraganeko iturritik ur  freskoa dario eta egarri gareanok, pozik edaten dogu. Baina gure gizarteko askorentzat, aste honek Santu izateari itxi deutso.

Berba eta sinboloen arteko oreka

Gotzainak irudiaren zein Hitzaren balioa nabarmendu eban. Bere esanetan, “Eleizak bizitza liturgikoan hitzezko hizkuntzari garrantzi gehiago emoten deutsan bitartean, herritar askok balio gehiago emoten deutse hizkuntza material, fisiko honi”. Halanda be, gotzainaren ustez, “adierazpen erlijiosorako bide biok alkarren osagarri dira”.

Esaldi batez laburtu eban ideia hau: “salbazinoaren historia Biblian dago, baina baita herriaren irudietan be”. 

Gugan emozinoa sortzen dauan edozein irudik, berba jarioak baino gehiago gogoratzen dau. Horregaitik, prozesinoetan ataraten diran imajinak, katekesi bizia dira.

Sufrimentua

Puntu honetan, gotzainak erantzuna emon eban sufrimentuaren inguruko hainbat galdera erretoriko egin ondoren: “Jenteak saihestu egiten dau sufrimentua, neuk be saihesten dot, neurri batean, danok saihesten dogu. Baina iritsi egiten da eta ez dago besterik”. Izan be, “inork ez dau kurutzerik nahi”. Horregaitik, Pedroren jarrera, “guztiona da”.

Kurutzea, bere esanetan, jenteak “autortu eta estimatu” egiten dauan sinboloa da eta, azken baten, “eskandalo-iturri” bihurtu da eta eszena publikotik desagertu. Guzti horren adierazle, kurutzea kristau seneko ikasgeletatik be kendu egin dala.

Argi dago. Gaur egunean ezin izango litzake Gorbeiako tontorrean kurutzea jartzeko ideia mahai ganeratu. Hogeigarren mendean ohikoa zana, mende bat geroago, pentsa ezina da.

Bizitza mugatua

Gotzainak “bildurra” dakarren “totem barria” eta “nonahi dan” sexualitatea ordezkatu dauana nabarmendu eban. Heriotza aitatu eban, “gizarteak zelan hartu” ez dakian zerbait lez. 

Esate baterako, beilatokien kokapen deigarriaz jardun eban: “kamioien gurpilak saltzen diran lokalen inguruan dagoz, hantxe beilatzen dira hildakoak, guztiz baztertuta dagozan lekuetan”

Honen haritik, eguneko lerrobururik esanguratsuenetakoa itzi eban: “Gure urietako kaleetab agerian dabilen hilotz bakarra Aste Santuko Kristorena da, kurutzean josita edo etzanda agertzen dan Kristorena”.

Kalez kale ibilten diran irudiei lotutako beste kontu garrantzitsu bat be aitatu eban: “”esusen agerpen publikoa hildakoen, gizon eta emakumeen, aldarrikapen da, batez be ezezagun eta ahaztutakoena”.

Lehen, etxekoak hilten ziranean, gaubela eginda agurtzen genduzan. Ez ziran bakarrik izten. Orain, ostondu egiten doguz tanatorioaren hotzean.

Aste Santua, kalera

Bilboko gotzainak giza oroimenetik desagertutako biktimak ekarri ebazan gogora. Gogoan izan ebazan Gazan eta Zisjordanian hildako 30.000 biktimak, “gehienak emakume eta umeak”. Euren kofradiakide izatea, biktima horreen aldeko “zuzentasun eta askatasunerako” erabilteko eskatu eutsen.

Askatasunez jardutea aldarrikatu eban, “mundu barria baliotsu izan dananern suntsipenaren gainean eraiki behar dogula dinoan ezarritako pentsamendu barriari ez esateko”.

Fededunok ez dogu gure gizatasunaren alderdi guztiak geure egiteko bildurrik. Poztu egiten gara pozik dagozanakaz, sufritu egiten dogu sufritzen ari diranakaz eta esker onez bizi gara gure hildakoen biziagaitik, egunen batean eurakaz bat egingo doguneko itxaropenagaz. 

Kofradien oparia

Pregoia irakurri ondoren, Penitentziazko Kofradien presidenteak, gainerako pregoilariei lez, oparia emon eutsan Bilboko gotzainari.

El obispo en un momento de su intervención