22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Ereñoko Gabikako eleizako erlojua barriztatu dabe
02.11.2023

Ereñoko Gabikako eleizako erlojua barriztatu dabe

Gabika auzoko San Joan Bateatzailea eleizako torrean martxan da barriro be 1889ko erlokua. Zumaiako errementari-erlojugileen sendikoa zan Benito Yereguik eraiki eban. Hain zuzen be, Yeregui familiako hainbat kidek parte hartu dau barriztutako erlojuaren bedeinkapen eta inaugurazinoan. Bilboko gotzaina buru dala eta lurraldeko bikarioa, parrokoa eta inguruko abade eta fraileak alkar-meza emoten dirala ospatu dan hildakoen aldeko mezaren barruan egin da ekitaldia.

Gaur goizez, Ereñoko Gabika auzoko eleizako erloju zaharbarrituaren bedeinkazinoa egin da. Hildakoen eguneko mezan buru izan dan Bilboko gotzainak bedeinkatu dau konpondutako makineria.

1889an erlojua eraiki eban Benito Yeregui erlojugilearen birbilobak parte hartu dau makineriaren zaharbarritzearen aurkezpenean. Xabier Yereguik esker ona adierazo dau Eleizbarrutiaren, Ereñoko udalbatzaren, parrokiaren eta Somorrostro ikastegiaren -berau arduratu da zaharbarritzeaz- esku-hartzeagaitik. 2019an ekin jakon prozesuari, baina pandemia zala-eta, gaur arte luzatu da.

Gaspar Martinez Kultura eta Ondarerako Bilboko Eleizbarrutiko arduradunak kanpantorreetako erlojuek gure kulturan daben garrantzia azaldu dau: “Antzinako burdinolen ondorengo izan ziran galdategiak garatu ziranean, urrats asko emon zan industrializazinoaren aukeretara moldatzeko. Horren adierazle dira, besteak beste, erloju honeek. Pertsonen bizitzaren erritmoa markatzen eben. Aurretik eguzki-erlojuak egozan herri askotan; beranduago, makineria eben erlojuak eraiki ziran eta eurok iragarten ebezan, kanpaiakaz batera, herrietako jaiotzak, heriotzak edo larrialdiak”.

Aingeru Merikaetxebarria Gabikako parrokoak eskerrak emon deutsaz parrokia alkarteari egitasmo hau bultzatzeagaitik. Gainera, bide batez, eleiza pintatu egin da, izan be, nahiz eta balio historiko handirik ez izan, “balio sentimental eta erlijioso handia dau” bertako auzotarrentzat.

Erlojuaren konponketaren aurrekontua 8.000 euro ingurukoa izan da. Zati bat udalak ordaindu dau eta gainerakoa, fundazino pribatu batek.

El obispo junto a algunas personas que han acudido a la inauguración