22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Erreguteak Urkiolara Mañaria eta Abadiñotik
26.08.2024

Erreguteak Urkiolara Mañaria eta Abadiñotik

Datorren bariku eta zapatuz, abuztuak 30 eta 31, urteko azken erreguteak egingo dira Urkiolako santutegira. Abuztuko azken barikuz ohikoa danez, Mañariko Andra Mariaren Zeruratzea parrokiako alkarteak Eukaristia ospatuko dau 12:00etan santutegian. Abadiñoko erregutea, azkena liturgia egutegian, zapatuz egingo da, 11:30etan. Alex Alonso lurraldeko bikarioa izango da buru meza bietan.

Bariku eta zapatuan, errogatibak egingo dira Mañariako parrokiatik eta Abadiñoko parrokiatik, hurrenez hurren. Abadiñoko udalak, beste urte batzuetan lez, pertsona nagusientzako bazkaria eta erromeria antolatu ditu Urkiolan.

Kontxi emazteagaz batera santutegiko jagole dan Felix Morenok alkarrizketa baten azaldu ebanez, Abadiñoko erreguteetan San Rokeren irudia eroaten dabe prozesinoan eta “eleizaren kanpoaldean izten dabe. Oraindik badira santutegira otoitz egitera sartzen diran batzuk”. 

Ekainean egin ziran lehenengo erreguteak eta Abadinotik egingo dabezanak izango dira azkenak. Felix Morenok Abade-etxetik azaldu dauanez, “lehenengoa, Aramaiokoa izaten da. Azken urteetan  erromesaldirik egin ez daben arren, parrokia alkartak lore-sortak ekartzen deuskuz eleiza apaintzeko. Izurtzako errogatibak be amaitu dira. Arratiako bailarakoak eta asteburuko biak dira gaur egun egiten diranak”.

Erreguteak egiteko ohitura

Baskoniako Atlas Etnografikoan jasoten danez, oraindik be egiten dira erregute edo erromesaldiak santutegietara, “erromesaldi izateari itzi badeutse be”. Lehen, kurutzea eta eleiz jantziez apaindutako abadea buru egiten ziran prozesinoak ziran. Kasu batzuetan, andetan eroaten eben Ama Birjinaren edo santu baten irudia. Gaur egunera arte eutsi jake antxinako erreguteen elementu batzuei, esate baterako, santutegiari buelta emonez santuen litaniak abesteko ohiturari.

Urkiolako santutegiko egutegi erlijiosoan, inguruko herrietatik urtero egiten ebezan erromesaldiek garrantzi handia izan dabe. Egunean zehar, ibilbide luzeak egiten ebezan mendiz mendi, esate baterako Arratia bailarako herri nagusietatik (Zeanuri, Areatza, Artea eta Dima) urtenda, edo Durangaldetik (Mañaria, Izurtza eta Abadiño) eta Arabagaz mugakide diran Otxandio eta Ubidetik. Arabako iparraldean dagozan Aramaio bailarako hainbat parrokia be eremu berean sartzen zan.

XX. gizaldiaren amaierara arte, erromesaldi honeek errogatiben liturgia baldintzak beteten ebezan: parrokiatik ataraten ziran kurutzea eta abadea buru zirala. Herria ordezkatuz, udalbatzak be parte hartzen eban prozesinoan. Herri bakotxaren erregute-eguna udabarri eta uda hartzen ebazan egutegiaren arabera ezartzen zan.

Errogatibak, manamenduzkoak izateaz gainera, topagune eta dibertimendurako leku izaten ziran. Ostean, dantza eta kantu ibilten ziran, txistu, danbolin eta eskusoinuaz lagunduta.

El sábado se celebró la rogativa de Arratia a Urkiola