02-05-2024 Jueves, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Errusierara itzuli dabe On Joan Maria Uriarte gotzain erretiratuaren liburu bat
03.04.2024

Errusierara itzuli dabe On Joan Maria Uriarte gotzain erretiratuaren liburu bat

San Petersburgoko Unibertsitate Katolikoak joan dan otsailaren 17an hil zan On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratuak idatzitako `El celibato: apuntes antropológicos espirituales y pedagógicos´ liburua errusierara itzuli eta argitaratu dau. Errusiako bigarren uririk jentetsuenean dagoan Seminarioko Ikasketa-prefektu dan A. Jose M. Vegas Molla klaretarrak Eleizbarrutira bialdutako barrien arabera, azkenean, "urte askoko atzerapenaz", liburua argitaratu egin da. Bere esanetan, "pena handia dau" On Joan Maria Uriarte gotzainak "ezin izan daualako liburua errusierara itzulita ikusi".

Joan dan otsailean hil zan gotzainak zelibatuari buruz idatzitako liburu hau 2015ean aurkeztu zan.

On Joan Maria Uriarte bera izan zan Orain errusierara itzuli dan liburuaren aurkezpenean. Besteak beste, bere asmoa, gai honen inguruan “zerbait barria” eskainzea zala esan eban, bere ustez, kontu honen inguruko “bizipen saona” ezinbestekotzat joten ebalako. Ideia horri eutsi eutsan, gai hau “desitxuratu egiten dauan hainbat mito” dagoala nabarmenduz.

Orain dala urte batzuk, San Petersburgoko Seminario Katoliko Nagusiak liburua errusierara itzultzeko nahia agertu eban. Bidezko baimena jadetsi eta itzulpenean eragozpen batzuk gaindituta, Seminarioaren argitaletxean lana argitaratu egin dau.

Lan handia

Fruizen jaiotako gotzainak 40 lanetik gora osotu ebazan, gehienak bake eta adiskidetzearen gaia ardaztzat hartuta. Gotzain erretiratuaren 90. urteurrena zala-eta, Jaime Lopez Egilazek Derioko liburutegian aurkitu daitekezan liburuen barri emon eban Alkarren Barri aldizkarian.

On Joan Maria Uriarteren liburuak
On Joan Maria Uriarteren hainbat liburu

Seminario Katolikoa San Petersburgon

Fraile klaretarrek presentzia nabarmena dabe On Joan Maria Uriarte gotzainaren liburua errusieraz argitaratu dauan Seminario Katolikoan. Abadegaien heziketarako leku hau 1879an sortu zan.

Hogeta hamazazpi urtez, 997 abadegaik egin ebezan ikasketak bertan eta 700 inguru egin zan abade. Asko eta asko fusilatu egin eben sobietar aldian edo kontzentrazino-esparruetan hil zan.

1918an, eraikina konfiskatu egin eben, eta urtebete aurretik, galarazo egin zan ikasturte akademikoaren hasiera. Hogeiko hamarkadan, hainbat saiakera izan zan heziketari ezkutuan berrekiteko, baina bortizki eragotzi ebezan guztiak.

1933an, sasoi haretan Moskuko Administratzaile apostoliko zan Tadeusz Kondrusiewiczek Seminarioa berrezartzeko agindua sinatu eban eta urte biz egon zan zabalik Moskun baldintza eskasetan (obra-barrakoiak) eta 1995ean San Petersburgoko Seminarioaren eraikinaren zati bat itzuli zanean, uri horretara lekualdatu zan. 

Libro de Mons. Uriarte traducido al ruso