21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Kultura 5 Arkitekturako ikasleek Zeanuriko ermitak barriztatuko dabez
08.07.2023

Arkitekturako ikasleek Zeanuriko ermitak barriztatuko dabez

Arratia bailarako Zeanuri herrian egitasmo aitzindaria jarri dabe martxan. Parrokiak, auzotarrek eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura-fakultateak bat egin dabe ondare erlijiosoa zaharbarritzeko. Kasu honetan, herriko hainbat ermita konponduko dabe. Arkitekturako hamabost ikaslek lau ermiten -San Isidro, San Justo, Pietatea, Altzustako San Migel- neurketak eta planoak egin dabez. Egitasmoaren lehenengo aldia amaitu ondoren, lekuan lekuko zaharbarritzeei ekin behar deutse. Angel Larrea institutuko irakasleari bururatu jakon, besteak beste, ideia hau eta bere esanetan, "aukera ona da, arkitekto izango diranek gure arbasoek eraikin historikoetan erabilten ebezan materialak zuzenean ezagutu daiezan".

Zeanurik ondare erlijioso aberatsa dau, eraikinen artean, 18 ermita ditualarik. Egoera eskasean dago bat baino gehiago eta, horregaitik, parrokia alkarteak, auzotarren talde batek horreek barriztatzeko era berezi hau kontuan hartu dabe. Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura-fakultatea eta Gondra Barandiaran Fundazinoa egitasmoan nahasi dabez eta Arkitektoen Euskadi eta Nafarroako Kolegioak eta Udalak ekimenagaz bat egin dabe. 

Angel Larrea da ekimen honen sustatzaileetako bat eta Bizkaia Irratiari eskainitako alkarrizketan azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak. 

Zelan sortu zan ideia hau?

Gure inguruan, eta Bizkaiko makina bat lekutan, ohikoa izan da auzotarrak batzea ermitetan konponketak egiteko. Baina hori ez da kasu guztietan gertatzen, beraz, Zeanuriko Rotaetxe familiaren eta beste hainbaten ekimen eta bultzadaz, egitasmo hau martxan jartea pentsatu dabe. Nafarroako Unibertsitateko Fakultateko ikasleen esku-hartzeaz, gure ondarea barriztatzea eta zaintzea da helburua. Burutu dogu egitasmoaren ereduzko aldia. Oraingoz, ez dakigu datorren urtean jarraipenik izango dauan.

Frantziako ekimenen bat ezagutu dozue?

Benetan, Frantzian alde handia ataraten deuskue boluntarioen kontuan. Han, boluntarioak prestatuta dagoz eta horregaitik pentsatu dogu Arkitektura-eskolakaz hitzarmenak sinatzea. Kasu honetan, Arkitekturako ikasle eta irakasleen laguntza dogu. Askotan, Fakultate honeetan jasoten daben heziketan, ez dira eraikin tradizional edo historikoak aztertzera joaten. Beraz, jarduera hau, gure ustez, aukera ona da gure arbasoek eraikin historikoetan erabilten ebezan materialak zuzenean ezagutzeko. Planoak marraztu dabez eta datorren urtean zaharbarritze-prozesu honen bigarren aldia burutu gura dogu.

Ze ermita barriztatu gura dozue?

Bilboko Eleizbarrutia izan da egitasmo honen funtsezko sustatzaileetako bat. Ermita bi kofradienak dira eta beste biak, San Isidro eta Pietatea, parrokiarenak. Beraz, eskutik joan gara. Gondra Barandiaran Fundazinoaren laguntza dogu egitasmoa finantzatzeko.

Participantes del proyecto de las ermitas de Zeanuri