01-05-2024 Miércoles, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Fraile pasiotar barria Bilbon
19.10.2023

Fraile pasiotar barria Bilbon

Oscar Armando Vera Vite ekuadortarra Jesukristo Gure Jaunaren Nekaldiaren eta Jesusen Bihotzaren Probidentziaren Kongregazinoko abade egingo da datorren zapatuz, urriak 21, San Felicisimo eleizan 11:30etan hasiko dan eleizkizunean. Biharamunean ospatuko dau bere lehenengo Eukaristia 12:30etan, eleiza berean. 2018an heldu zan Bilbora Deustuko alkarteko erizaindegian laguntzera eta Zaragozan lau urte emon ondoren, Bilbora itzuli zan diakono lez. Ilusinoz beteta dago egunari begira eta gogotsu, "nire abade ministerioa Jainkoaren herriaren zerbitzura sagaratzeko eta, batez be, prestasunez Harek bialtzen nauan edonora joateko".

Oscar Armando Vera Vite Milagro-Guayasen (Ekuador) jaio zan orain dala 37 urte. Jaioterrian egin ebazan herri ikasketak eta lehenengo heziketa prozesua. Filosofia ikasi eban Ekuadorreko Pontifize Unibertsitate Katolikoan, Perun nobizio-aldiari ekin aurretik (2012). Bere esanetan, fraile pasiotar izan gura eban, “hasieratik euki neban argi, ezagutzen nebazan-eta”. Ekuadorren egin eban bere lehenengo profesino erlijiosoa 2013an.

Beranduago, Kolonbiara joan zan Bogotako San Buenaventura Unibertsitatean teologia ikastera eta 2017an amaitu ebazan ikasketa horreek. Urtebeteren buruan, Deustuko alkartera bialdu eben erizaindegi probintzialean laguntzeko. 2018ko urrian Zaragozako alkartera joan zan eta bertan egin eban betirako botoen profesa eta bertan ordenatu zan diakono.

Deustura itzuli

2022.eko abuztuaren 1ean, barriro bialdu eben San Felicisimo parrokiako pasiotar alkartera. Urte jprretalp irroam. San Felicisimo parrokiako bikario izendatu eben.

Harrezkero, hainbat egitekotan ibili da pastoral eta karidadearen arloan, esate baterako Caritasetik akonpainamendua eskainiz, lehen aita Roman Elexpururen ardura zana bere gain hartu eta elikagaien bankuan lagunduz edo alkarte katoliko latinamerikarrean esku-hartuz.

Oscar oso pozik dago datorren zapatuz, Bilboko gotzainaren, senide eta lagunen eta anai fraileen aurrean, aldi barriari ekiteko. Izan be, berak azaltzen dauanez, “behin betiko urrats honek Kristogaz bat egitera naroa oso-osorik, Barri Onaren iragarpen izanik Jainkoaren herriaren artzain lez”.

Óscar Armando Vera