23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Gaur egungo eraldaketa mundu mailako gertakaria da, batez be berehalako hedapenagaitik”
06.06.2024

“Gaur egungo eraldaketa mundu mailako gertakaria da, batez be berehalako hedapenagaitik”

Andrea Ciucci Biziaren aldeko Pontifize Vatikanoko Akademiako kide eta Adimen Artifizialean aditua Bilbon da egunotan.  "Adimen artifiziala eta gizatasun beteko komunikazinoa" goiburuaren haritik jardun eban atzo Deustuko Unibertsitatean eskaini eban berbaldian. Gaur, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak eta Kultur Erakundeen Mahaiak antolatutako saioan parte hartuko dau, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzaina bertan dala. Andrea Ciuccik Barrian (Plaza Barria 4, 1. solairua) jardungo dau goizeko 11:00etatik aurrera.

Atzoko jardunaldia zati bitan banatu zan. Goizez, gizarte komunikabideen aurrean egin zan agerraldian, “Komunikabideetan Adimen Artifizialaren (AA) erabilera etikoa sustatzeko I. Dekalogoa” aurkeztu zan.

Orain dala urtebete inguru, Komunikazinorako Bilboko Eleizbarrutiko sailak, Euskal Kazetarien Elkartea-Asociación Vasca de Periodistas, Euskak Kazetarien Kolegioagaz batera, gai honi buruzko gogoetari ekin eutsan. Radio Popular-Herri Irratia eta Bizkaia Irratia hedabideek, beste hainbat komunikabidek eta Komunikazinorako Gasteiz eta Donostiako Ordezkaritzek be parte hartu dabe eta horren emaitza da atzo Bilbon aurkeztu zan dekalogoa.

Berbaldia Ciucci Bilbao
Ciucciren berbaldia

Arratsaldez, Andrea Ciuccik “Adimen Artifiziala eta gizatasun beteko komunikazinoa” berbaldia eskaini eban Deustuko Unibertsitateko Garate aretoan. Ciucci, adimen artifizialaren etikarako RenAIssance Vatikanoko Fundazinoko idazkari nagusi da.

Berbaldia Ciucci Bilbao
Dorleta Alberdi, aurkezpenean
Berbaldia Ciucci Bilbao
Iñaki Loinaz abadeak Ciucciren itzultzale lez jardun eban atzo

Dorleta Alberdi, Komunikazinorako Eleizbarrutiko saileko zuzendariak egin eban sarrera. Elena AuzmendiIkaskuntza eta Eraldaketa digitalerako Deustuko Unibertsitateko errektoreordearen agurrak emon eutsan deutso hasiera arratsaldeko saioari. Kerman Lopez bikario nagusiak Andrea Ciucci hizlaria aurkeztu eban. Berbaldia amaitzeaz batera, mahai-ingurua ospatu zan honako honeek partaide zirala: Carmela Rios irakasle Loiolako Unibertsitatean, kazetari hainbat komunikabidetan eta aditua gizarte sareetan, kazetaritza mobikorrean eta desinformazinoan; Mario Hernandez Ramos Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle Madrileko ‘Universidad Complutense’ dalakoan eta AAerako Europar Kontseiluko batzordeko espainiar ordezkaritzaren buru eta Ramon Salaverría kazetaritza-katedraduna Nafarroako Unibertsitatean eta Europar Akademiako kide. Ainara Larrondo Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak jardun eban moderatzaile-lanetan.

Berbaldia Ciucci Bilbao
Mahai-ingurua

Ekitaldia zuzenean emon zan. Emonaldia osorik: hemen

Ciucci

Ciuccik azaldu ebanez, 2016tik hasita, Bizirako Pontifize Akademiak, non berak jarduten dauan, teknologia barrien eta giza bizitzaren arteko loturari buruzko hausnarketa konplexu eta artikulatuari ekin eutsan. “2020an, konfinamenduaren bezperetan, Rome Call for AI etics agiria (Deialdia Erromatik AAaren etikarako) proposatu genduan, hau da, adimen artifizialaren etikari buruzko agiria”. Mundu honetako eragile garrantzitsuenetako hainbatek sinatu eban agiri hau: Microsofteko presidenteak, IBMko presidenteordeak, FAOko zuzendari nagusiak, orduko italiar gobernuak… Harrezkero, munduko 200 unibertsitatek baino gehiagok sinatu dabe eta industria-errealidade ugarik (azkenik, Ciscok, sareko azpiegitura teknologikoaren eraikitzaile nagusiak). “Hainbat errealitate erlijiosok be sinatu dau, guztioi dagokigun erantzukizunaz jabetuta”.

Berbaldia Ciucci Bilbao

Hizlariaren esanetan, agiriak, ildo bereko beste hainbatek lez, sei oinarri proposatzen ditu: gardentasuna, inklusinoa, erantzukizuna, inpartzialtasuna, trazabilitatea, segurtasuna eta pribatutasuna. “Baina honeek, eta hemen datza originaltasun-puntua, hiru kapitulu laburretan -zuzenbidea, heziketa, etika- eskainitako esparru eta sozial zehatzean txertatzen dira”

Gizarte loturaren eraldaketa

Honen haritik, adierazo ebanez, “uste dot, gaur egun, algoretikaren kontua, batez be, gizarte etikaren kontua dala eta, zalantza barik, eragin antropologiko garrantzitsuak dituala, baina honeek zerikusi gitxi dabela sarritan aitatzen doguzan gizadi-osteko eszenatoki apokaliptikoakaz. Datuen batze, jabetze eta zaintza, adin txikikoen eta ahulen babesa, desbardintasunen gehitzea, norbanakoaren askatasunak murrizteko arrizkua eta prozesu demokratikoen ahultzea, berehalako arreta eta arreta serioa eskatzen daben gaietako batzuk baino ez dira”.

Ciucciren eretxiz, gaur egungo eraldaketa mundu osoko gertaera da, batez be berehalako hedapenagaitik. “Gainerako iraultza teknologiko handiakaz alderatuz, hau berehala bihurtu da mundu-mailako. Gaur, munduko biztanleriaren %70 inguruk smartphonea dau patrikan eta Internetera konektatuta dago. Kulturak, hizkuntzak, ohiturak, gizarteak, sinismenak, kosmologiak, ekonomiak…, alkarren bardin ala desbardin, danak objektu bakarrean sartuta eta sare bakarrean konektatuta”.

Berbaldia osorik: hemen

Grupo organizador y participantes de la jornada.