18-07-2024 Jueves, XV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Hirukoiztarren familiak Karrantza bisitatu eban
06.06.2024

Hirukoiztarren familiak Karrantza bisitatu eban

Martitzenez, ekainak 4, Algortako Kristo Eroslea parrokia alkarteak, AA Hirukoiztarrek eta eleiztarrek Karrantzako Presako San Martin parrokia bisitatu eben. 1616.eko irailaren 20an Aljerian martiritza jasan eban eta hil egin eben Juan de Palacios eta Santisteban XVI. gizaldiko (1560) fraile hirukoiztarraren jaioterria ezagutu eben, non bateatu eben eta non bizi izan ebazan bere lehenengo kristau esperientziak.

Juan de Palaciosek zabalik dau Erroman dohatsu autortzeko prozesua. Dalako prozesu hori ondo amaitzen bada, Enkarterriko lehenengo dohatsu eta balizko santua izango da eta Bizkaiko bigarrena, Elorrioko Berriotxoako San Balendinen ostean. 

Hirukoiztarrak Karrantza

A. Pedro Aliaga Asensioren berbaldia

Algortako alkarteak eta lekuko eleiztarrek Aita Pedro Aliaga Asensio Hirukoiztarren Ministro Probintzial eta Historia-doktoreak Afrikako iparraldean hil eben Karrantzako auzotarrari buruz eskaini eban hitzaldia entzun eben Presako Villanuevako San Martin parrokia eleiza barrituan. Besteak beste, honeek aitatu ebazan: Burgosen egindako ikasketak eta, batez be, gatibuen hiru “Erospenak” Valentziako portutik Arjelera ahalik eta ondasun ekonimiko gehienakaz joanda aljeriar ziegetatik ahalik eta kristau gehien askatzeko. Hiru izan ziran “Erospenak”: 1591an, 1595ean eta azkena, itzulera bakoa, 1609an.

Juan de Palacios

Gatibuen erreskatea ordaindu eta penintsulara ekarriko ebazan ontzia urtetear zala, atxilotu eta Afrikan atxiki ebezan. Juan de Palacios eta kide bi katez lotu eben ziega ilunean eta 17 urtez irainak, gabeziak, zigor fisikoak eta gatibutasuna jasan ondoren, hil egin zan.

Eukaristia

Berbaldiaren ostean, Eukaristia ospatu zan, Erromatik etorritako Aita Luigi Buccarello Ordenako Ministro Nagusia buru zala. Domekaz, Buccarellok amaiera emon eutsen Algortako Kristo Eroslea hirukoiztarren parrokiaren 50. urteurreneko ekitaldiei. Karrantzan, hizlariak eta Miguel Angel Esnaola Karrantza-Lanestosa Pastoral Barrutiko (PB) parrokoak alkar-meza ospatu eben. ‘Abesti lagunak’ Karrantzako emakumeen abesbatzak girotu eban eleizkizuna.

Hirukoiztarrak Karrantza

         

Talde bien kristau senidetasuna argi geratu zan Eukaristia honetan. Bat egin eben ospakizun berean eta opariak be trukatu ebean: bisitariek, dohatsu izateko prozesuan danaren kuadro ederra, sakristian itzi ebena gero eleizan ipinteko (dohatsu autortu ondoren), auzotarrek eta eleizara doazen guztiek gurtu daien. Eta bisitariei Ahedoko eleizaren erdi aroko prisma erromanikoa emon eutsien, San Migel, tenplario biak eta erdi aroko soldadua agertzen diran hiru aldeakaz.

Hirukoiztarrak Karrantza
Hirukoiztarrak Karrantza

         

Probintzialak eskerrak emon eutsezan hirukoiztar konprometitu lez beren-beregi zegokion egitekoa betez hil zan eta “seguruenik laster dohatsu hirukoiztarra” izango danaren herrikideei eskainitako harreragaitik.

Hirukoiztarrak Karrantza