Bideoa grabatu dabe kanpaina sustatzeko eta bertan misiolariaren jardunleku diran alkarteetako neska-mutikoek alkartasuna eskatzen dabe kaltetuentzat. Misiolariak, gainera, esker ona adierazo deutse ekimenagaz bat egin daben guztiei: “Son muchos los padres y madres que hoy esperan una mano amiga, porque no saben qué van a darles de comer a sus hijos”.
Arrasto sakona itzi dauan lurrikara
2026ko abuztuaren 10ean, epizentroa San Jose del Palmarren (Choco) izan eban 7,4 magnitudeko lurrikarak Kolonbiako mendebaldea astindu eban. Astindua Calin, Pereiran, Manizalesen, Armenian eta Quibdon somatu eben gogorren. Azken hamarkadetan bizi izan daben astindurik gogorrenetakoa izan da. Ehunka lagun hil da, milaka dira zaurituak eta asko desagertuak. Etxebizitza, azpiegitura eta errepideek be kalte larriak jasan dabez herrialdeko erdialde eta mendebaldean.
Hainbat lekutan aktibatu da alkartasuna larrialdi honi aurre egiteko. Euskal misiolaria dagoan javeriar parrokia alkarteak be martxan jarri ditu laguntzeko bideak. Bogotatik Radio Popular-Herri Irratiari eskeinitako alkarrizketa.

Alkartasunezko bilketa
Bilketa nagusia abuztuaren 22 eta 29an egingo da eta batez be jaki ez galkorrak batuko dira. Ondoren, kaltetutako lekuetara bialduko dabez.
Ekimen honen bidez batu daitena nork banatu be badago, izan be, Chocon dago javeriar misiolarien adiskide dan gotzaina. Iñaki Larreak beragaz jardun eban Calin egon zanean eta harrezkero, lotura estua dabe.
Iñaki Larrea, bizitza osoa ahulenen ondoan
Iñaki Larrea Mugika Basauriko San Miguel auzoan jaio eta 1983ko maiatzaren 14an egin zan abade Gernikan. Hogeta hamar urtetik gora daroaz misino-lanetan, Espainia eta Kolonbian. Cali eta Bogotako inguru pobreetan dagozan parrokietan jardun izan dau, beti be pobretasuna, derrigorrezko desplazamentua eta gatazka armatuaren indarkeria jasaten daben alkarteei lagunduz.
Bogotan, besteak beste, “Monte Fraterno” ekimena sustatzen dihardu Ciudad Bolivarren. Kokaleku marjinal honetan harrera eta elikadura emoten deutsie behartsuenei. Hurkotasun eta emotezko sen honen emaitza da Chokoren aldeko alkartasunezko kanpaina hau.
Larreak parrokiara hurreratzen diran gazteei esaten deutsenez, “la verdadera felicidad se encuentra dándose a los demás y arriesgando la vida por aquello que tiene valor”. Mezu honen garrantzia nabarmentzen da martxan jarri dauan alkartasunezko kanpaina honetan. Radio Popular-Herri Irratian egindako alkarrizketa entzun.







