27-01-2026 Martes, III semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Ingeteam Convertersi emon deutse Marcelo Gangoiti saria
23.01.2026

Ingeteam Convertersi emon deutse Marcelo Gangoiti saria

Gaur eguerdian, Marcelo Gangoiti sariaren XXIX. ekitaldia ospatu da Somorrostro ikastegian. 1996tik aurrera, Ezkerralde eta Meatze-inguruko enpresa barritzaile eta konprometituei emoten jake Bizkaian entzutetsua dan sari hau. Aurton, Ingeteam Converters enpresak jaso dau autorpena; "industria garapenari, enpleguaren sorerari egindako ekarpenagaitik eta lurraldeagazko konpromiso sendoagaitik". 

Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiagaz batera, erakunde eta enpresa ordezkaritza zabala izan da ekitaldian. Besteak beste, han izan dira, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegurako sailburua, Kerman Lopez Bilboko eleizbarrutiko bikario nagusia, Eduardo Briones Muskizeko alkatea, Guillermo Buces CEBEKeko presidentea, Jon Ansoleaga SPRI taldeko zuzendari nagusia eta Javier Laiseca  Somorrostro ikastegiko zuzendaria. 

Era berean, ekitaldian izan dira, Begoña Pedrosa Hezkuntzarako sailburua, Ainara Basurko Ekonomia Sustapenerako diputatua, Teresa Laespada Enplegurako diputatua, Andoitz Korta, Industria Sustapenerako sailburuordea eta Carlos Garcia Buendia Gobernuko ordezkariordea. 

Bikario nagusiaren berbak

Kerman Lopez bikario nagusiak bere eta gotzainaren izenean agurtu ditu bertaratutakoak eta zera esan deutse: “Marcelo Gangoiti sariaren ekitaldi honetan parte hartzean, lanbide heziketa kalitatezko lana eta gizarte kohesinoa sortzeko gauza dan industria-sarea lotzen dituan aliantza estrategikoaren aldeko konpromisoa berresten dozue. Enpersaren munduak eta heziketarenak norabide berean joan nahi dutela agertzen du ekitaldi honek”.

Marcelo Gangoiti nor izan zen eta “pertsona lehenesteko” egin eban ahalegina gogoratu ditu. Bikario nagusiaren esanetan, “Gangoitiren ustez ez da nahiko trebetasun teknikoak irakastea, ezinbestekoa da mundu osoko erronkei erantzuteko gaitasuna emoten dauan itxaropena eragitea. Gaur, Ingeteam saritzean, balio honeek barrikuntza ea jasangarritasunera eroan izan dituan erakundearen lana autortzen dogu. Bere lanak erakusten deusku zelan egon leiken teknologiak bizitzaren zerbitzura: gizartea energia barriztagarrien bidez elektrifikatuz, danona dan etxea zainduz eta etorkizuna basobarritze-ekimenez eratuz”.

Ingeteam Converter, eredugarri lan, barrikuntza eta nazinoarteko hedapenean. 

Epaimahaiak Ingeteam Converters enpresari emon deutso Marcelo Gangoiti saria, eskualdean lana sortzeko eta industria garatzeko egin dauan ahaleginagaitik. 2019an sortu zanetik nabarmen hasi da enpresa eta 40 langile izatetik 350 izatera igaro da. Erreferentea da potentziazko elektronikaren arloan. 

BIzkaiko industria-eremuaren bihotzean kokatuta, konpainiak itsas sektorean erreferente lez finkatzea ekarri deutson ikuspuntu estrategikoa garatu dau, bere teknologia Urtuellatik nazinoarteko merkatuetara -batez be Asia eta Txinara- hedatuz. Europako tren-industrian be erreferente da, etorkizuneko trenen trakzino- eta eraginkortasun-konponbideetan espezializatuta. 

Ingeteam Converters errpmla barrietan be lan egiten dau arlo aeronautikoan, garraioaren elektrifikazinorako erronketan aurrera eginez, 200 miloe euro inguruko fakturazinoagaz, jarduera etorkizun elektrifikatu eta jasangarrirantz bideratuz. 

Konpromisoa lurraldearen eta kalitatezko lanaren alde

Epaimahaiak Ezkerraldean eta Meatze-inguruan gizarte kohesinoaren eta kalitatezko lanaren eragile lez egindako lana baloratu dau batez be. Lanbide heziketagaz alkarlanean aritzea be baloratu dabe, egokitzat joz lekuko talentua sendotzeko, industria berkalifikatzerako egitasmoa eta industria arloko bardintasun eta aniztasunaren aldeko apustu sendoa.

Andoitz Kortak emon deutso saria Alex Belaustegi Garapen Korporatibo eta Erakunde-harremanetarako Ingeteam enpresako zuzendariari. 

Berbaldia eta kultur itxiera

Ekitaldian, Javier Martinez Aldalondok “Erakunde adimentsuak / Adimen Artifiziala” berbaldia eskaini dau. 25 urtetik gorako esperientziagaz, Knowledge Works enpresako bazkide da, Knoco enpresako zuzendari eta nazinoarteko hainbat erakundetako -NBE, OIEA, FAO, Munduko Bankua- kontsultari jakintza eta ikaskuntzaren kudeaketaren arloan. 

Xabi Aburruzaga trikitilariaren emonaldiak amaiera bikaina emon deutso ekitaldiari. 

Marcelo Gangoiti sariak barritzaileak diran eta lurraldean aberastasuna, lana eta garapena lortzeko konpromisoa daben enpresak autortzen ditu. Ekitaldi bakotxean autorpena enpresa bati egiten bajako be, sariak Bizkaiko gizarte-eraldaketa bultzatzen dauan enpresa-sare osoaren ahalegina agertzera emon gura dau. 

Ondorengo erakundeotako ordezkariek osotzen dabe epaimahaia: CEBEK, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko JaurlaritzaSPRIrenbidez eta Somorrostro ikastegia.