30-12-2024 Lunes, semana - navidad
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Jente ugarik parte hartu eban “Ramadan eta Pazkoaren” ospakizunean
25.03.2024

Jente ugarik parte hartu eban “Ramadan eta Pazkoaren” ospakizunean

Martxoaren 22an, barikuz, "Ramadana eta Pazkoa, itxaropen-aldia" goiburuaren haritik topaketa egin eben eskolapioek Bilbon daben ikastetxean, besteak beste Miguel Angel Esnaola ekumenismorako Eleizbarrutiko ordezkaria berten zala. Lekukotasunak eskaini ebezan, gazte eta heldu musulman eta kristauek alkarrizketan jardun eta otoitz be egin eben etta Iftar deitutakoa (eguzkia sartzeaz batera, baraua eteteko egiten dan gaueko otordua) konpartitu eben. Ekitaldiari amaiera bikaina emoteko, agiri hau irakurri eben:

“Beste urte batez, hurkotasun eta adiskidetasunezko mezua zabaldu nahi dugu Ramadana eta Aste Santua ospatzen dihardugun aldi honetan, gure ibilbide espiritualerako eta familia eta gizarte bizitzarako baliotsu den aldian.

Ramadana eta Pazkoa 2024

Gatazkak

Gure egunotan, gero eta ugariagoak dira gatazkak, hau da, borroka militarrak nahiz liskar armatu txiki ala handiagoak, estatuak, erakunde kriminalak, talde armatu eta zibilak tartean direla eta, benetan, kezkagarria da bizi dugun egoera eta hor dago hirugarren mundu gerra pizteko mehatxua. 

Askotarikoak dira gatazka hauen arrazoiak, aspaldikoak batzuk, berriak besteak. Giza familiaren zati handi batek gerran arma hauek erabiltzearen eragin suntsitzaile eta larriak jasaten dituzten bitartean, beste batzuk lotsagabe pozten dira merkataritza immoral eta hiltzaile honek dakarkien irabaziagatik.

Ramadana eta Pazkoa 2024

Aldi berean, anai-arrebok gogoetarako eta elkarbanatzeko biltzean, bakea sustatzeko egundoko giza eta erlijio bitartekoak ditugula agertzen dugu. Argi eta garbi salatu eta gaitzetsi behar dugu gerra: gerra oro da senide-hiltzailea, alferrikakoa, zentzugabea eta iluna.

Gerran, guztiek galtzen dute. Ez dago inongo gerra santurik, bakea bakarrik da santua. Gure erlijioak saiatzen dira kontzientziak hezten, lagun bakoitzaren biziaren balio absolutua, eta osotasun fisikoaz, segurtasunaz eta bizimodu duinaz gozatzeko eskubidea errespeta dezaten, gerraren, gerra ororen eta gerra guztien kondena eta gaitzespenerako bide ere bilakatuz. Bakearen Jainko, bakearen iturri den Ahalguztidunarengana jotzen dugu, beren bizia Jainkoaren dohain eta, aldi berean, giza ahaleginaren emaitza den Bakearen alde ematen dutenak bere kutuntzat hartzen dituenarengana.

Ramadana eta Pazkoa 2024

Fededun bezala, 2016tik hasita “bat eginik bizikidetzaren alde” bilkuretan parte hartzen dihardugunok itxaropenaren lekuko izateko asmoa agertu nahi dugu.

Gau honetan, segurtasun eta poztasuna zabaltzen duen argiaz irudikatuko dugu itxaropen hori. Bat egin dezagun gorroto, indarkeria eta gerraren sua itzaltzeko eta piz dezagun bere lekuan bakearen argi eztia, gure giza eta erlijio ohitura aberatsetan jasotzen diren bakerako bitartekoez baliatuz.

Erdibanatzeak eta Ramadan eta Aste Santuko jardute eraspentsuek bake, itxaropen eta pozezko fruitu ugari ekar dezatela.

Ramadana eta Pazkoa 2024


Momento del Iftar