Jose Antonio Lopez Zugarramurdi Elgoibarren jaio zan 1942.eko uztailaren 27an eta Begoñako basilikan egin zan abade Begoñako basilikan, 1969.eko urriaren 11an. Abade egiteaz batera, orduan Bilboko Eleizbarrutiko Administratzaile Apostoliko zan Mon.s Jose Maria Cirardaren idazkari partikular izendatu eben.
1972tik 1975era, Lopez Zugarramurdi hezitzaile izan zan sarrerako aldian, Eleizbarrutiko Seminarioan. 1975etik 1980ra, abade lagunkide Deustuko San Pedro parrokian. 1981etik 1990era, Covadongako Andra Mari parrokiako abadeen taldeko kide. Sasoi horretan, gainera (1983tik 1992ra) Ume eta Gaztetxoen Katekesirako Eleizbarrutiko Idazkaritzako arduradun izan zan. 1990etik 1993ra, Begoña-Bilboko abadeen taldeko kide izan zan; 1993tik 1999ra, Ariz-Basauriko parroko eta 1999tik 2003ra, Bilboko San Frantzisko Xabier parrokiako parroko. Ondoren, urte sabatikoa hartu eban eta hori amaituta Alonsotegi, Kastresana eta Arbuyoko parroko izendatu eben eta horretan jardun eban 2011an erretiroa hartu eban arte.
Hurko eta adeitsua
Goyo Ponce de Leon Gotzaitegian Hezkuntzarako Eleizbarrutiko ordezkari izan zanak gogora ekarri dauanez, kargu horretan aritu aurretik ezagutu eban Jose Antonio, “hain zuzen be Berrio-Otxoa ikastetxeko zuzendari nintzala. Berarengana jo neban Lehenengo Jaunartzeko neskato eta mutikoen gurasoei zuzendu beharreko berbaldiak zirala-eta. Gizon adeitsu eta hurkoa aurkitu neban, espiritualtasun handikoa eta familia eta haur pastoraltza ondo landuta ebana”.
1990etik aurrera, Gotzaitegian bat egin eben: “hartu-emon ona geunkan lankide guztiakaz. Bere ezaugarri nagusiak adeitasuna eta zerbitzu-sena ziran. Eta gauza bera islatu eustan izan zan parrokia guztietan be: Covadonga, Basauri, San Frantzisko Xabier, Begoña…”. Goyoren esanetan, Lopez Zugarramurdi, gainera, “aditua zan katekesiaren eta liturgiaren arloan”.
“Esker onez gogoratuko dogu beti. Jesusen eta gure Aitaren bakean eta izatea eta haren betirako besarkada estua jaso izana opa deutsagu”
Eskuzabal eta adeitsua
Javier Goñi abade laguna eta Jose Antonio kurtso berekoak ziran eta beti izan eben hartu-emon ona. Bere esanetan, Lopez Zugarramurdi “gizon eskuzabala izan zan, adeitsua gertukoakaz eta oso leiala”.
Goñik bere atsekabea agertu dau, azkenaldian ez dabelako alkar ikusteko aukera asko izan, izan be, Jose Antonio ia ez zan etxetik ataraten. Begoñan, familiaren etxean bizilagun eban anaia hil jakonean, gogo-aldartean beherakada nabarmena izan eban eta San Bizente abade-etxera joan zan bizitzeta.
Goñik azaldu dauanez, gizon langile eta ordenatua zan. Katekesian jardun eban beti eta zehaztasun handiz prestatzen eban arlo hori, “dana idatzita eroaten eban eta ozo zehatza zan”.
Eroapen handikoa eta atsegina
Alonsotegiko parroko izan zan eleiztar baten esanetan, gizon oso ona zan, “adiskide leiala eta eroapen handikoa”. Gizon adeitsua be bazala dino (eta hau Jose Antoniori buruz galdetu deutsegun guztiek errepikatu dabe), “beti eroaten eban oparitxoren bat batzarretara”. Jose Antoniok ez ebala berba txarrik inorentzat eta Alonsotegin asko maite ebela be gogoratu dau: “Asko hitz egiten eban jenteagaz, erraza zan beragaz solasean jardutea eta, gainera, Eukaristia oso atseginak prestatzen ebazan”.