16-10-2025 Jueves, XXVIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Jose Larrearen eskultura aurkitu dabe eleiza baten hondakinen artean
16.10.2025

Jose Larrearen eskultura aurkitu dabe eleiza baten hondakinen artean

Bilboko Eleiz Museoko talde batek, inguruko bikarioagaz alkarlanean, aingeru guardako baten eskultura baliotsua atara dau Sopuertako Beziko San Kosme eta San Damian eleizaren hondakinetatik. Irudia, antxinako kanposantuko sasitzan ezkutatuta egon da dozenaka urtetan, baina, harrigarria bada be, egoera nahiko onean dago. Jose Larrea eskultore bilbotar ezagunaren lana da. Berreskuratu ondoren, Museoan egongo da ikusgai. 

Irudia joan dan ekainean aurkitu eben XX. gialdiaren erdialdetik jausteko zorian dan tenpluan eta benetan une zirraragarria izan zan taldekideentzat.

Ikerketa-lanetan baieztatu eben eskultura Jose Larrea Larrea bilbotar eskultoreen leinu entzutetsuko kidearena zana. Larreatarrek hainbat artelan egin izan dabe Bizkaiko esparru erlijioso eta eskultorikoan. 

Jose Larrea

Jose Larrea, eskultore bizkaitar entzutetsua izan zan, artisten leinu ospetsukoa. Bere aita, Vicente Larrea Aldama (1852-1922) izan zan, familiako lehenengo eskultorea eta Bilbon eben tailerraren fundatzailea eta modelaketa- eta marrazketa-irakaslea Arte eta Ofizioen eskolan.

Aitaren tailerrean eta Pariseko Arte Ederren Eskolan hezi eta trebatu zan. Parisen bizi izan zan bederatzi urtez eta berak sartu ebazan Espainian Maumejean frantziar etxearen beirateak. Etxe honek ordezkaritza zabaldu eban beranduago Donostian.

Berrogeta hamar urtez egin eban lan familiaren tailerrean, imajinagintza erlijiosoan espezializatuz. XX. gizaldiko imajinagin nabarmenetakoa izan zan Espainiako iparraldean. 

Ezagunak dira, besteak beste, bere lanok: monumentua Samaniegori Guardian (1883), Samguesako Jesusen BIhotza, Loiolako San Inazioren irudia jesuiten Iruñako ikastetxean, Algeciraseko Nazaretarraren kofradiaren Fedearen Kristoa (1938), eta  Monumentua Remigio Vilariñori Bilbon (c. 1955). Badira beste lan batzuk be Bizkaian, Nafarroan eta Espainiako beste zenbait lekutan. 

Pilar Gayarre nafarragaz ezkondu zan eta Vicente Larrea Galbete eskultorearen aita zan. Honek jarraipena emon eutsan familiaren arte-legatuari, eleiza, ikastetxe eta eremu publiko askotan ikusi daitekelarik. 

Museoko taldeak adierazo ebanez, “eskualdeko fede eta arte erlijiosoaren lekukotasun bizia da”.

Eskultura Bezi
Eskultura sasitzan ezkutatuta egon da luzaroan (Argazkia: Eleiz Museoa. Bilbao)

Hasierako ebaluazinoaren ostean, Eleiz Museora eroatea erabaki eben, hobeto zaintzeko eta ikertzen jarraitzeko.

Eskulturaren lekualdaketa

2025eko urriaren 7an, bilduma-teknikoez, zaharbarritzaileez, mantentze-lanetan aritzen diranez eta eleizbarrutiko kideez osatutako taldeak arrakastaz burutu eban eskulturaren lekualdatzea.

Eskultura Museora eroatea (Argazkia: Eleiz Museoa)

Gaur egun, aingeru guardakoa museoko zaintze-sailean dago eta bertan garbitu eta dokumentatu egingo dabe.

Zaharbarritu ondoren, behin betiko kokapena zehaztuko da, klaustroan edo erakusketa-aretoren baten, historiaz eta sinbolismoz betetako pieza hau ikusgai egon daiten.

Bilboko Eleiz Museoa

Bilboko Eleiz Museoak Bizkaiko ondare erlijiosoa zaintzeaz, ikertzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da. 

Uriburuaren bihotzean kokatuta, Museoan bilduma garrantzitsua -eskulturak, margolanak, urre-zidargintza…- gordeten dabe. Erdi Arotik hasi eta XX. gizaldira arteko lanak dagoz. Bere lana funtsezkoa da pieza hau lako artelanak berreskuratzeko eta euren garrantzia nabarmentzeko, lurraldearen oroimen eta nortasun kulturalaren isla dira-eta.

Aurkikuntza honek eleizbarrutiko ondarea gordetzeak dauan garrantzia nabarmendu dau beste behin be.

Hemen argitaratuta: Kultura, Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Eleiz Museoa