22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Jose Luis Ciordia gizon lasai eta aldarte onekoa hil da
26.12.2023

Jose Luis Ciordia gizon lasai eta aldarte onekoa hil da

Joan dan eguenez, abenduak 21, Jose LUis Ciordia Etenaut Eleizbarrutiko abadea hil zan Bilbon, 96 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur arratsaldeko 18:00etan ospatuko da Ortuellako San Felix Cantalicio parrokian.

Jose Luis (Joselo) Ciordia Ortuellan jaio zan 1927.eko apirilaren 2an eta Begoñako basilikan egin zan ababe 1958.eko uztailaren 6an. Abade egin eta gero, Elgueroko eta Babcock Wilcox enpresako kapilau izendatu eben eta beranduago Trapagako abade lagunkide.

Los Riosen (Ekuador) misiolari izan zan 1960tik 1968ra eta Sao Paulon (Brasil) 1969 eta 1973 bitartean. Bueltatu zanean, 1974 eta 1987 bitartean ahalmen urritasuna daben pertsonentzako tailer bateko arduradun izan zan. Ezagutu ebenen esanetan, “oso trebea zan eta pazientzia handia eban”. Tailer hori, denporaren buruan, gaur egungo “Lantegi Batuak” izatera heldu zan.

Gero, Ortuellako eta Meatze inguruko abadeen taldean egon zan. Azken urteetan, Begoñako Beneragarrien egoitzan eta, azkenean Erruki-etxean bizi izan zan eta hementxe hil zan joan dan astean.

Misino-bokazinoa

Joselok Gasteizko Seminarioan ekin eutsan bere prestaketari eta Derion amaitu ebazan ikasketak. Jakin-min eta gaitasun handia eban filosofiarako eta gogoan izan ebazan beti filosofia eta teologiako irakasleak.

Misino-bokazino handia izan eban eta horregaitik joan zan lehenengo Ekuadorrera eta beranduago Brasilera. Atseginez gogoratzen ebazan leku horreek eta bertako jentea eta sasoi horretan adiskide handiak egin ebazan misiolarien artean, besteak beste Iñaki Etxezarraga eta Luciano Francesegaz. Lanbideari dagokionez, Meatze-fakultatibo zan eta Ekuadorren zein Brasilen aholkulari tekniko izan zan hainbat obratan. Zorrotza zan eta ohikoa zan “Joselok egin badau, lurrikararik handienak be ez dau botako” entzutea. 

Premina larrian egozanez arduratuta

Javier Oñate abade lagunak asko estimatzen dau Joselo. Bere esanetan, gizon lasai eta aldarte onekoa zan, beti egunean egoten saiatzen zan gizona eta azkenera arte “irakurri ebazan teologia arloko gauzak”.

Oñateren esanetan, Ciordia berehala txertatu zan Meatze inguruko bizitzan. Hartu-emon oso ona izan eban Ortuellako monja frantziskotarrakaz eta premina larrian egozanez arduratu zan, osasun pastoraltzan jardun eban eta auzoak bisitatu ebazan. “Herritarrakaz gertuko hartu-emona eban” eta jenteak asko maite eta estimatzen eban. 

Goian bego!

José Luis Ciordia