22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Jose Mari Rementeria, euskerazko kristau-ikasbideen ikerketaren zale amorratua zan abadea hil da
03.10.2023

Jose Mari Rementeria, euskerazko kristau-ikasbideen ikerketaren zale amorratua zan abadea hil da

Gaur goizean hil da Bilbon Jose Mari Rementeria Ibarlucea Eleizbarrutiko abadea, 83 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -eguaztena- ospatuko da Ondarroako Andra Mari parrokian, 19:00etan.

Jose Mari Rementeria Etxebarrian jaio zan 1940.eko apirilaren 23an eta 1961.eko uztailaren 3an egin zan abade Derioko seminarioan. Ondoren, Amalloako ekonomo eta Uberuagako arduradun izendatu eben. Gero,denpora emon eban Bizkaitik kanpo ikasketak egiten (diplomatua zan katekesian eta batxilerra teologian).

1972 eta 1977 butartean, Erandioko Andra Mari parrokiako abadeen taldeko kide izan zan. Eta 1972 eta 1980 bitartean, Katekesirako Eleizbarrutiko Idazkaritzako zuzendari izan zan. 1977tik 1980ra, laguntzaile izan zan Bilboko San Fernando parrokian.

Larogeikohamarkadan, V. bikaritzako gotzain bikario izan zan; 1985etik 1990era, Kontsultarien Kolegiokokide; 1988tik 1991ra, Eleizbarrutiko Abadel Kontseiluko kide eta 1996tik 2011ra, Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide.

1989an, Ondarroako parrokia administratzaile izendatu eben eta hantxe emon ditu azken hogeta bost urteak. Rementeriak Katekesirako Ordezkaritzan be lagundu eban eta Eknomia gaietarako eta Bitartekaritzarako Batzordeetako kide izan zan.

Abade eredugarria

Lontzo Zugazaga eta Jose Mari Rementeria abadeek besoz beso jardun izan dabe, lankide izan dira makina bat lanetan. Lontzok berbok eskaini deutsoz:

“Jose Mari Rementeria hil da.

Gorpuzkeraz handia eta egundoko gizatasuna ebana.

Benetako kristaua, hau da, Kristoren jarraitzailea..

Abade eredugarria.

Euskalduna, gure herria eta hizkuntza asko maite ebazana..

Eleiz gizona, gure Eleizbarrutia asko estimatzen ebana.

Fede hezitzaile bikaina; katekesia oso gustuko ebana.

Langile amorratua biblia eta liturgia itzulpenetan..

Gizon ona, beti batasu eta adiskidetzearen alde egoana..

Apal eta gertukoa..

Kristoren, Eleizaren eta gure Eleizbarrutiko alkarteen zerbitzari leiala.

Abegitsu eta langile nekaezina

Hainbat lanetan Jose Marigaz buruz buru jardun eban emakume laiko batek nabarmendu dauanez, gizon ona zan, “guztian lagun ona, eta betiko lagunen lagun mina, abegitsu eta langile nekaezina, kristau-ikasbide zaharren bilketan buru-belarri ibilten zan.Orain, Iparraldeko doktrinakaz ebilen”. Ordanagailuak arazoren bat eukanean, beragana joten ebala dino, edo testuak zerbait desbardina egin gura ebanean edo, “konturatu barik zeozer ikutu eta idazkia aldatzen jakonean, eta edukia galdu barik urteten ez ekianean. Oso zehatza zan bere lanetan, batez be inprimategira bialdu aurretik”.

Lagun mina eta Etxebarria jaioterriari estu lotuta egoana

Orain dala 3 hilabete, uztailaren 3an, abade egin zanetik 58 urte beteten ziranean, Jose Mari jausi egin zan eta aldaka apurtu eban. Harrezkero, hainbat arazo izan ditu, bere osasunak okerrera egin dau eta gaur goizean hil da. Maribel bere loba eta gainerako lobak izan ditu inguruan Erruki-etxera eroan ebenean eta ospitalera egin behar izan dituan joan-etorrietan.

Maribelek osabaren bizitasuna eta sendotasuna aitatu ditu. “Jausi zan arte jardunean egon zan; bakarrik bizi zan, lagunduta, baina guztiz burujabe zan”. Ikerketa zan bere zaletasuna, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako kristau-ikasbideak aztertzea eta “orain Iparraldeko lanen inguruan” ebilen eta amaitu barik itzi dau egiteko hori. Kulturari, euskerari eta parrokiari eskaini eutsan bere bizia eta azkeneraino egon da lanean, berak gura eban lez.

Maribelen esanetan, “senitartekoa zan, maitekorra eta oso lotuta egoan jaiotetxeari. Etxebarria bere jaioterrian hobiratuko dogu”.

Oso gustuko eban irakurtea eta idaztea, “zehatza eta langilea zan, eta beti egoan paper artean, konparaketak egiten eta datuak jasoten”. 

Aldarte onekoa zan eta Maribelen esanetan, “gauza guztien gainetik bakezalea, sermolaria eta berbako gizon patxadatsua. Ospakizunetan, astiro irakurten eban; lasaia zanondo hausnartutako mezua, mezu argia emotea eban helburu eta holan jokatu dau arlo guztietan. Idazle lez be oso ordenatua zan. Mahaia bete-beteta eukiten eban sarritan, baina dana ordenan. Argia eta argitasuna bilatzen eban beti”.

Zehatza eta zorrotza

Jose Luis Iza abade lagunaren esanetan, langilea, adeitsu eta bihozbera zan.

Izaren esanetan, langile fina zan, “inurri” hutsa eta, gainera, zehatza eta zorrotza. “Ordena handikoa, -bere loba Maribelek be nabarmendu dauanez- bulegoa liburu eta paperez beteta eukan arren, ondotxo ekian non eukazan gauzak gordeta”.

Izak gogoratu dauanez, gizon zintzoa zan, abegitsua hurreratzen jakozanakaz. “Bere giza eta abade bizitza ardatz biren inguruan oinarritzen jakin dau: Jainkoaren eta euskeraren inguruan. Beti izan dau jakin-mina historian zehar, katekesian eta kristau-ikasbideetan herri euskaldunari transmititu izan jakon Jainkoaren irudia eta ideia ikertzeko. Beste alde batetik, bizitza osoa emon dau euskerazko itzulpenak egiten, euskaldun guztiek eskura izan eiezan liturgia eta katekesiko liburuak. Berak prestatutako liturgia lagungarriak, ordenatuak, errazak eta sakonak ziran, liturgiako edozen laguntzailek ulertzeko eta erabilteko modukoak. Euskeraz idatzitako kristau-ikasbideen inguruko ikerketa zabala egin dau, Euskal Herriko bazter guztietara, Iparralde barru, iritsiz. Makina bat bitxikeria eta pasadizo eban arlo honetan, eta oso gustuko eban horreen inguruan jardutea”.

 

 

https://www.euskaltzaindia.eus/euskaltzaindia/euskaltzainak/ohorezkoak/5574-jose-maria-rementeria-ibarluzea

Goian bego!