28-11-2024 Jueves, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Kontzertu solidarioak Bilbon eta Mundakan, “Fair Saturday” dala-eta
28.11.2024

Kontzertu solidarioak Bilbon eta Mundakan, “Fair Saturday” dala-eta

Datorren zapatuz, azaroak 30, kontzertu solidarioa ospatuko da Abandoko San Bizente Martiria parrokian, 19:30etan, Fair Saturday jaialdia dala-eta. Ondarreta koralak jardungo dau Mufungaren Adiskideak Fundazinoak antolatutako ongintzazko ekitaldian. Hemen batu daiten dirua Mufungara (Kongoko Errepublika Demokratikoa) bialduko da informatika-gela atontzeko. Gainera, Mundakako Andra Mari parrokian, Telemann Hirukotearen emonaldia izango da 19:30etan, Cáritas Bizkaia erakundearen alde ospatuko dan ekitaldian

“Mufungaren Adiskideak” Fundazinoak hamargarren urteurrena ospatzen dihardu hainbat jardueraren bidez. Zapaturako, esate baterako Ondarreta korala protagonista izango dan kontzertua antolatu dau.

Fair Saturday

Azaroaren azken zapatuz, Black friday dalakoaren biharamunean, Fair Saturday ospatzen da. Egun honetan, artea, kultura eta gizarte enpatia lehenesten dira gizartean. Askotariko jarduera kultural eta solidarioak garatzen dira zapatuz gure inguruan. Egitaraua osorik: hemen.

Kontzertua San Bizente eleizan

Ekitaldian batu daiten dirua Mufungaren Adiskideak fundazinoaren esku itziko da. Kontzertu hau Fair Saturday jaialdiaren barruan ospatuko da, alkartasun eta konpromiso senaz. Bertaratutakoei dei egingo jake, heziketan aukera-bardintasuna sustatzen dauan helburuari lagundu deioen.

Sarrera doan da, baina itsulapikoak ipiniko dabez jenteak dirua bota daian. Aukera bikaina da musikaz gozatu eta helburu on bati laguntzeko!

Ondarreta korala

1967an Getxon sortu zan Ondarreta korala 52 ahots mistoz osatutako taldea da eta musikan bikaintasuna lortzea da euren helburua. Musika anitza interpretatzen dau: opera, zarzuela, eleiz musika eta euskal polifonia. Orkestra entzutetsuakaz jardun dau, esate baterako, Ukrainia, Cracovia eta Bilboko sinfonikoakaz eta Europa osoan eskaini ditu kontzertuak. 

2015etik aurrera, Bilboko Koralean zuzendari lez pilatutako esperientzia emon deutsan Iñaki Moreno Navarro da zuzendari artistikoa. Anabe Hernandez Soengas kantu-irakasleak eta Lupe Lopez Castelo piano-jotzaileak be laguntzen dabe koralean.

Mundakan:

Zapatuan bertan, 19:30etan, Telemann Hirukoteak -“Joue de la musique francaise”- jardungo dau Mundakako Andra Mari parrokian, Cáritas Bizkaia erakundearen alde.

Susana Zabaco (sopranoa), Emili Catelo-Branco (Fliscorno, korneta) eta Patxi García Garmilla (organoa)

Fair Saturday