Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikako organoa herribilduko kultur ondasunik esanguratsuenetakoa da. Musika-tresna honek egundoko kalitatea dau.
Historia
José Javier Uribarren (1791-1861), bankari lekeitiar eta herribilduko ongile handiak sasoi haretan egoan organorik onena eskaini gura izan eutsan basilikari. Parisen bizi zanez, garaiko organogile onenarengana, hau da, Aristide Cavaille-Collengana jo eban. Aitzindari izan zan eta organo erromantikoen eraikitzailerik garrantzitsuena eta berak eraikitakoak dira besteak beste, Pariseko Notre-Dame, Sain Sulpice, Saint-Denis eleizetako organoak.
1854an eraikitako Lekeitioko organoa, Euskal Herrian ez ezik Estatu osoan eraiki zan lehenengoa izan zan. Bere kalitate eta soinuak egundoko zirrara eragin eban eta handik aurrera hainbat uritatik jaso ebezan egileek holako musika-tresnak egiteko: Donostia, Loiola, Azkoitia, Bilbao, Bartzelona, Madril…
Barriztapena
Basilikako eta Lekeitioko organoaren Adiskideen Alkarteko arduradunen arabera, barriztatu ezik kalteak konponezin bihurtu leikez. Organo erromantikoetan aditu dan organo-konpontzaile espezialistak egingo leukez lanak eta aurrekontua 600.000 eurotakoa da.
Alkarteak ezinbesteko bitartekoen bila dihardu, erakundeetan zein partikularren artean, erronka honi aurre egin ahal izateko. Dirua batzeko helburuagaz, banku-kontua zabaldu dabe, gura dauanak diru-laguntza emon daian barriztapen garrantzitsu hau burutu ahal izateko.