30-04-2024 Martes, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kontzertua Lekeitioko organoaren barriztapenaren alde
12.04.2024

Kontzertua Lekeitioko organoaren barriztapenaren alde

Bihar -apirilak 23, zapatua- kontzertua ospatuko da Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikan, 20:00etan, bertako Cavaille Coll organoaren barriztapenaren alde. Ehun eta hirurogeta hamar urteren buruan, organoa hondatu egin da: aire-ihesak haize-kaxa eta hauspoetan, mekanismoa hondatuta, tutuak egoera txarrean, e.a. Parrokiatik azaldu dabenez, "oraindik liturgia girotzeko balio badau be, ez dau, ezta ezelan be, jatorriko indarrik eta ezin da kontzertuetarako erabili. Horregaitik, preminazkoa da musika-tresnaren barriztapen sakon eta duina".

Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikako organoa herribilduko kultur ondasunik esanguratsuenetakoa da. Musika-tresna honek egundoko kalitatea dau.

Historia

José Javier Uribarren (1791-1861), bankari lekeitiar eta herribilduko ongile handiak sasoi haretan egoan organorik onena eskaini gura izan eutsan basilikari. Parisen bizi zanez, garaiko organogile onenarengana, hau da, Aristide Cavaille-Collengana jo eban. Aitzindari izan zan eta organo erromantikoen eraikitzailerik garrantzitsuena eta berak eraikitakoak dira besteak beste, Pariseko Notre-Dame, Sain Sulpice, Saint-Denis eleizetako organoak.

1854an eraikitako Lekeitioko organoa, Euskal Herrian ez ezik Estatu osoan eraiki zan lehenengoa izan zan. Bere kalitate eta soinuak egundoko zirrara eragin eban eta handik aurrera hainbat uritatik jaso ebezan egileek holako musika-tresnak egiteko: Donostia, Loiola, Azkoitia, Bilbao, Bartzelona, Madril…

Lekeitioko Cavaille-Coll organoa (1854) lehen mailako erreferente da organo erromantikoaren historirako, estatu espainiarrean sartu zan estetika honetako lehenengo organoa izan zalako.

Barriztapena

Basilikako eta Lekeitioko organoaren Adiskideen Alkarteko arduradunen arabera, barriztatu ezik kalteak konponezin bihurtu leikez. Organo erromantikoetan aditu dan organo-konpontzaile espezialistak egingo leukez lanak eta aurrekontua 600.000 eurotakoa da. 

Alkarteak ezinbesteko bitartekoen bila dihardu, erakundeetan zein partikularren artean, erronka honi aurre egin ahal izateko. Dirua batzeko helburuagaz, banku-kontua zabaldu dabe, gura dauanak diru-laguntza emon daian barriztapen garrantzitsu hau burutu ahal izateko.

Órgano de la basílica de Lekeitio