22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kontzertua Zeanurin, ehun urtetik gorako organo zaharbarrituagaz
26.12.2023

Kontzertua Zeanurin, ehun urtetik gorako organo zaharbarrituagaz

Bihar -abenduak 27, eguaztena- Zeanuriko Andra Mari parrokiako organoaren inaugurazino ofiziala ospatuko da. Urtebete inguru egon da musika-hotsik atara barik, zaharbarritu egin dabelako. Abuztutik hasita, Karmele Angoitia parrokiako organistak jo dau organoa, baina bihar egingo da inaugurazino ofiziala Xabier Urtasun organistaren kontzertuagaz.

Zeanuriko organoa, Lope Alberdirena da, 113 urte ditu eta 1910.eko abuztuaren 15ean inauguratu zan. Hamabost mila pezeta ordaindu ebezan, gehienbat auzotarren ekarpenakaz eta, batez be, Santos Lopez de Letonaren laguntzagaz. Organo erromantikoa da, 56 notako teklatu bi ditu eta transmisino mekanikoz funtzionatzen dau. Harribitxia da.

Alejandro Turanzas, organoa barritu dauana eta Karmele Angoitia parrokiako organista.
Alejandro Turanzas, organoa barritu dauana eta Karmele Angoitia parrokiako organista.

Barriztapen osoa

2010ean, 100 urte betetzean, egin jakozan konponketa batzuk, baina ezinbestekotzat jo zan barriztapen oso eta sakona egitea. Horregaitik, 2022ko uztailean, 112 urte bete bezperan, A. Turanzas Organeros etxeak Zeanuriko organoa barriztatzeari ekin eutsan. Parrokian bertan egin dabez lan batzuk eta gainerakoak tailerrean, Igorren.

Barriztapen lanetan, ez dabe inongo modernizazinorik sartu, eta jatorrizko eraikuntzan erabilitako materialak erabili dabez. Jatorrizko narru eta egurren antzekoak erabili dira; kutxa eta fatxadan, kontsolan, teklatuan, nota eta erregistroen transmisinoan, sekretuetan, hauspoetan, motor-haizagailuetan, haize-ontzi eta tutuerian egin dira lanak eta tonuan jarri dabe. Zaharbarritzeak larogei mila inguruko kostua izan dau.

Alejandro Turanzas, organoaren tutuerian lanean
Alejandro Turanzas, organoaren tutuerian lanean

Organoaren eraikitzailea

Lope Alberdi Rekalde (Gautegiz-Arteaga 1869-Bartzelona 1948) bizkaitar organogileak eraiki eban Zeanuriko organoa eta bere gurasoek ostatu txiki bat eukien herrian. Hantxe hartu eban ostatu Aquilino Amezuak Gautegizeko parrokiako organoa muntatu ebanean. Alberdiren senideen esanetan, Aquilino jabetu zan Loperen argitasun eta trebetasunaz eta une horretan parrokiako organoa jarten ebiltzan langileen taldean sartu eban. 

Hamabost urte ebazala, Amezuak Bartzelonara eroan eban beragaz lan egitera. Hogeta bi urtegaz, tailerreko buru bihurtuta, Filipinetara bialdu eben hainbat organo muntatzera. Alberdi XX. gizaldiaren hasieran banandu zan Aquilino Amezuarengandik eta Bartzelonako ‘Paseo de Gracia’ko 126. zenbakian jarri ebazan bere lehenengo tailerrak.

Lope Alberdi y CIA., etxearen sinadura dauan lehenengo organoa, Bergarako Klaratar monjen Hirutasun Santua monasteriokoa da, eta 1902an inauguratu zan. Estatuan zein kanpoan garatutako ibilbide profesional luzearen ostean, 80 organo baino gehiago eraikita, Lope Alberdi Bartzelonan hil zan 79 urte ebazala. 

Xabier Urtasun

Barriztatu ondorengo inaugurazino ofizialeko protagonista izango dan Xabier Urtasun organista Iruritan (Nafarroa) jaio zan. Ikasketak egin ebazan hainbat musika-tresnatan eta Musikako Goi Titulua lortu eban Pedagogian, hainbat alditako teklaturako musikak biztu eutsan jakin-mina eta organoan espezializatu zan. Bakarlari lez, kontzertuak eskaini ditu Espainia, Frantzia eta Alemanian eta hainbat taldetan parte hartu dau organista lez. 

El organista Xabier Urtasun.