Elorrion ospatuko dan “Goazen 2025” kurtso hasierako ekitaldi ofizialak emongo deutso hasiera kurtsoari, ospakizuna eta karitatea buztartu gituan baterako hitzorduan.
Egitekoari heltzeko deia
Kerman Lopez bikario nagusiak eta Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak egin dabe deialdia eleiztar guztiak zapatu zein domekaz parte hartzera deitzeko kaleratu daben gutunean. Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko VI. Egitasmoaren (EEE) hasieran agertzen dan Jesusen agindua gogoratu dabe: “Daréis testimonio porque estáis conmigo – Lekuan lekuko´ (Juan 15, 17).
Mundura itxaropena eroateko fededun bakotxaren bokazinoa nabarmenduz adierazo dabenez, “Caritas sentitzearen sentsibilitateaz kristau itxaropenaren lekukotasuna emotera bialdutako alkarte garala adierazo behar dogu”.
Bihar, parrokietan
Gaur ospatuko dan “Goazen” ekitaldiaren oihartzuna entzungo da bihar lurralde osoan. Bilboko eleizbarrutiaren egutegian jasoten danez, bihar ospatuko da kurtsoko lehenengo jardunaldia parrokia alkarte bakotxean.
Alkartasun-sena izango dau, Caritas Bizkaia eta parrokien alde egingo dan kanpaina honek. Batu daiten dirua Caritasen eta parrokien artean banatuko da. Holan, alkartasun-senez eta indartsu ekin gura jako kurtsoari, ahuleziazko egoeran dagozan pertsonen aldeko askotariko egitasmoei laguntzeko.
Batera!
Hasierako mezua, batasun eta ekintzarako dei argia da: “Bat egin daigun egitekoan fedetik itxaropena zabaltzeko. Goazen batera!”.
Kurtso hasierako ekitaldia ez da ekintza protokolario hutsa, alkarte fedea suspertzeko eta Kristoren maitasunaren “lekuko sinisgarri izatera konprometitzeko” aukera baino. Alkarte benetan ebanjelizatzailea eta solidarioa eratze aldera, alkarregaz bide egiteko deia da.