22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutiko asteko barriak
26.03.2023

Eleizbarrutiko asteko barriak

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barrien laburpenari hasiera emonez, Bilboko Koral Alkarteak Garain eskainiko dauan kontzertua agertzen da. Bertako semea zan Valentin Zubiaurreren (Garai, 1837 / Madril, 1914) Jesukristo gure Jaunaren Nekaldia interpretatuko dabe, Enrique Azurza zuzendari dala, datorren apirilaren 1ean. 

Kofradiak

Beste hainbat barri

Kofradien Ermandadearen eskutik ospatu dan “Aste Santuko pregoia” be agertu da. Joan dan astean jakinarazo zanez, Ermandadeak Luis Olaortua Bilboko Kofradien Ermandadeko presidentea izendatu eban aurtengo pregoilari. Eleizbarrutiaren Youtube kanalean eta webean zuzenean emon zan ekitaldian, On Joseba Segura Bilboko gotzaina eta Luis Alberto Loyo Bilboko kofradien kontsiliarioa izan ziran, besteak beste. 

Eleizan izan diran sexu gehiegikerien biktimen aldeko otoitzaldia

On Joseba Segura gotzaina buru eta biktimetako bat ospatzaile zirala, katedralean sexu gehiegikerien biktimen oroimenez ospatu dan otoitzaldiaren barri be emon da. Eleizkizunerako deialdia egin jaken Adin Txikikoen Babeserako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeagaz hartu-emona izan daben biktimei eta alkarte osoari. 

Otoitzaldia ohiko bideetatik zuzenean jarraitzeko aukera eskaini zan.

Txomin Bereciartua

Txomin Bereciartua abadearen heriotzaren barri be jaso dogu aste honetan.

Bizkaitar abadea eta hamaika ekimenen sustatzailea heziketa eta gizarte arloetan. Txomin Bilbon jaio zan 1929.eko ekainaren 24an eta 1953an egin zan abade Bilboko Santiago katedralean. Lurralde historikoko hainbat parrokiatan garatu eban bere pastoral ministerioa, arte eta kultur ondarearen erabarritzea bultzatuz, esate baterako, Areetako Santa Ana ermitan, Ziortzako Kolegiatan edo Portugaleteko Andra Mari basilika gotikoan.

Bereciartua, hezitzaile ona eta ekintzaile soziala izan zan. 1956an, eskaut taldea sortu eban Andra Marin eta Mobimentu Eskaut Katolikoa -MSC- bultzatu eban Euskal herrian. MSCko Ohorezko Kideen zerrendan agertzen da. 1980an, ‘Novia Salcedo’ Alkartea -gero ‘Novia Salcedo’ Fundazinoa izango zana- sortu eban lagun batzukaz, gazteei lanaren munduan txertatzeko aukerak emoteko bitarteko lez. Fundazinoko presidente izan zan 2001era erte eta, gaur egun, Ohorezko Presidente zan. Beste hainbatekin batera, UNESCO Etxea sortu eban, Euskal Herriko UNESCO Zentroa.

https://www.youtube.com/watch?v=reOGtmSacb8

Garizuma-aldiko berbaldiak

Eleizbarrutiko asteko barriak jasoten dituan Astekoak honetan, Oiz-Anboto Pastoral Barrutian ospatu diran Garizuma-aldiko azken berbaldiak be aitatzen dira.

Erlejino arteko Bilboko Mahaiaren batzarraren ingurukoak be jasoten dira. Miguel Angel Esnaola Ekumenismo eta Erlejinoen arteko Hrtu-emonerako ordezkariak be parte hartu eban eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea izan zan batzar-buru.

Eleizbarrutiaren web orrialdean jakinarazo danez, arlo ekonomikoko boluntarioek be batzarra egin dabe Bilboko Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian.

Bertan izan ziran, On Joseba Segura gotzaina eta Joxe Miguel Erdozain gerentea

Beste alde batetik, Jaime Lopez Eguilaz liburuzainak  “Liburutegien aukera eta erronkak XXI. gizaldian” XV. Jardunaldi  Teknikoetan parte hartu eban. Bertan, Eleizaren Liburutegien katologo kolektiboa aurkeztu da proba erara. Bere esanetan, “aspalditik garatu gura dabilzan egitasmoa da eta kurtso honetan jarriko da martxan: https://catalogo.abie.es/

https://www.flickr.com/photos/68132755@N08/albums/72177720306974866

Asteburuan

Asteburuko makina bat barri jaso da bizkeliza.org web orrialdean. 

Aste honetan, martxoaren 24an, barikuz Bilboko katedralean ospatu zan sexu gehiegikerien biktimen aldeko otoitzaldia nabarmendu da. Bertan parte hartzeko deialdia egin jaken Adin Txikikoen Babeserako Bilboko Eleizbarrutiko Batzordeagaz hartu-emona izan daben biktimei zein eleiztar guztiei.

On Joseba Segura gotzainak  homilian adierazo dauanez, ekitaldi honetan, “gure artean abusatzaileak izan dirala autortzen dogu”. Bere esanetan, pertsona honeek “ez dabe izan garana azaltzen, izan eta egin gura izan dogunaren kontrakoa baino”.

Gotzainak adierazo dauanez, “otoitzaldi honek ez dau ezer itxi gura. Ezinbestekoa da parkamena eskatzea, baina ez da nahiko”. Gotzainak zuzenean hitz egin deutse biktimei eta eskaintza be egin deutse: “entzun egin gura zaituegu, zuengandik ikasi eta askotariko gizarte eremuetan oraindik ezkutuan irauten daben gehiegikeriak argitara atara eta aurrez aurre jarri”.

Esate baterako, Jürgen Essl organista alemanak Durangoko Andra Mari basilikan eskaini dauan kontzertua edo “Zaindu, eskutik heldu – Cultiva cuidados” Caritasen kanpaina. 

III-VII. bikaritzetako Bika Eguna be ospatu da eta horren barri emon da. Bilboko bikaritzetako ehunka gazte batu da. Horreez gainera, Algortan ospatu dan kontzertu solidarioari buruzkoak be agertu dira webean.

Hauxe da ‘Astekoak’, Eleizbarrutiko asteko barriak minutu baten laburtuta.