28-04-2024 Domingo, V semana - pascua
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 La actualidad diocesana de la semana
08.10.2023

La actualidad diocesana de la semana

Astean zehar webgunean argitaratutako barri nagusiak laburbilduta eskaintzen deutsuguz. Bizkaiko Eleizan asko dira aurrera eroaten diran ekimenak eta webgunean euron arteko batzuk baino ez dira batzen. Zure parrokian, erakundean zein eleiz alkartean gertatzen danaren barri emoteko helbide honetara idatzi zeinke: komunika@bizkeliza.org

Asteko barrien laburpenari hasiera emoteko, EBI sareko Sopuertako San Viator ikastetxean inauguratu dabezan instalazinoen ingurukoak jasoten dia.

Zaharbarritze sakona egin ondoren, hezikea-zikloak modernizatu dabez eta gradu barriak martxan jarri, gorabidean dagozan arloetako eskaerentzat.

Guzti horretarako, gainera, ekipamendu moderno eta aurreratua gehitu dabe esate baterako: laborategiak, 3D imprimaketa, baso-robotak, fabrikatze mekaniko konektatu eta elektroeragilerako tresna…

Heriotzak

Wwbean jakinarazo danez, aste honetan abade bi hil dira: Jose Mari Rementeria eta Inocencio Rodrigo.

Jose Mari Rementeria Etxebarrian jaio zan 1940.eko apirilaren 23an eta 1961.eko uztailaren 3an egin zan abade Derioko seminarioan. Ondoren, Amalloako ekonomo eta Uberuagako arduradun izendatu eben. Gero,denpora emon eban Bizkaitik kanpo ikasketak egiten (diplomatua zan katekesian eta batxilerra teologian). Lagunen esanetan, gizon zorrotza eta zehatza zan eta ikerlari nekaezina. Goian bego!

Inocencio Rodrigo Cervera del Pisuergan (Palencia) jaio zan 1928.eko apirilaren 15ean eta Bartzelonan egin zan abade 1952.eko maiatzaren 31an. Abade egin eta gero Lutxanan jardun eban abade lagunkide eta organista lez.

Urte asko emon eban Bizkaitik kanpo militar, kapilau militar lez eta aireko armadako koronel be izan zan. Bere sasoian marka ezarri eban hegazkinetik jauzi egitean.

Seminarioan Inocencioren ikaskide izan zan Anton Uriarte abadearen esanetan, lagun leiala eta zintzoa zan, gizon apala eta balioak ebazana, “zerbitzurako beti prest egoan abadea”.

Kultura eta ondarea

Nabarmentzekoak dira, baita be, kultura eta ondarearen inguruko barriak.

Esate baterako, Euskerarako ELeizbarrutiko Zerbitzuak kaleratu dauan “Domeka eta jaiegunetako Ebangelioak hausnartu” agerkariaren ingurukoak.

Gainera, Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak Bizkaian jardueraren ingurukoak be agertu dira webean, aste honetan: Arkotxako (Galdakao) nekaldi biziduna Eleiz Museoan izango da urriaren 29ra arte. Asteburu honetan Gizakundearen komentua izandakoa -gaur egun museoa- bisitatu ahal izango da eta Santa Marinatik Munarrira ibilaldia egingo da. 

Europako Teologia-liburutegien 51. Biltzarra Kordobako gotzain jauregian ospatu da irailaren 30etik urriaren 4ra. Aitatutako liburutegiok www.beth.eu dalakoan alkartuta dagoz eta, aurton, “Challenges of Ecclesiastical Libraries in Europe” goiburuaren haritik alkartu dira eta Jaime Lopez Eguilaz Bilboko Eleizbarrutiko liburutegiko arduradunak be parte hartu dau Espainiako Eleizaren Liburuzainen Alkarteko (www.abie.es,) ordezkari lez, alkartearen oroitza-txostena aurkeztuz.

Eta bizkeliza.org weban iragarri danez aurkeztu dabe Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuaren (ETPI) kurtsoko egitaraua.

Gotzainen Sinodoaren XVI. Batzar Nagusian parte hartzen diharduen Philomena Shize Hirota izango da hizlarietako bat. Japoniar monja hau Berrizko Mesedetako Misiolarien (BMM) ordenakoa da eta Aita Santuak urriaren 4tik 29ra Vatikanoan ospatzen ari dan Sinodorako deitu dituan adituetako bat.

Alkarren barri

Alkarren Barri aldizkaria be kalean da, webean jakinarazo danez.

Urriko alean, euskarri digitalean, ‘Goazen!’ kurtso hasierako ekitaldiaren multimedia informazinoa (bideoak eta argazkiak) jasoten dau. Bostehun lagun inguru bertan zirala ospatu zan ekitaldian gotzainak eskainitako berbaldia irakurri daiteke hasieran. Alkarrizketei dagokienez, hiru nabarmentzen dira: Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendari barriari, Jone Ozerinjauregi Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendari barriari eta Mikel Aspano Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuko ordezkari barriari egindakoak.

Diakonotzaren eguna

Urriaren 4an ospatu zan Diakonotzaren eguna eta On Joseba Segura gotzaina diakonoakaz batu zan eta Eukaristia ospatu eban eurakaz.

Laudate Deum

Urriaren 4an, Asisko San Frantzisko egunez, Frantzisko aita santuaren aholku-hitz apostolikoa argitaratu zan, osoko ekologiari buruzko 2015eko entziklika zehaztuz eta osotuz.

`Laudate Deum´ aholku-hitz apostolikoak 6 kapitulu eta 73 paragrafo ditu. Idazkia, azaroaren azkenean eta abenduaren hasieran Dubain ospatuko dan COP28 dalakoari begira dago batez be.

Betiereko gurtza

Betiereko Eukaristia-batzarrak urteko batzar nagusia ospatu eban Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian. Braulio Rodriguez Toledoko artzapezpiku erretiratuak berbaldia eskaini eban, ‘Eukaristiaren egiaren edertasuna barriro antzeman: ospakizuna eta gurtza’ goiburuaren haritik.

Gizalegezko lana eta gazteria

Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Egunari lotutako hainbat jarduera ospatu da aste honetan. 

On Joseba Segura gotzaina, gainera, gazteakaz alkartu da Bilboko Corpus Christi parrokian eta GMEra joan ziranakaz be egon da, kasu honetan, Areetako Mesedetako Ama parrokian.

Hauxe da Astekoak, Eleizbarrutiko asteko barriak