09-12-2024 Lunes, II semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Santiago Apostoluaren Penitentzia-kofradiaren 75. urteurrena
18.03.2023

Santiago Apostoluaren Penitentzia-kofradiaren 75. urteurrena

Santiago Apostoluaren Penitentzia-kofradiak 75. urteurrena ospatzen dau aurton, "kofradiakide lez daben leialtasun eta konpromisoan iraunez".  Hainbat jarduera antolatu dabe urteurren esanguratsu hori ospatzeko, besteak beste, abenduaren 30ean ospatu eben sorreraren urteurreneko Eukaristia eta, gaur, On Joseba Segura gotzaina buru dala ospatuko dan 75. urteurreneko ekitaldi nagusia: Eukaristia Mendiko San Jose eleizan. Eleizkizunean, gainera, eleizperako egindako Itxaropenaren Maria Guztiz Santuaren zeramikazko irudia inauguratu eta bedeinkatuko da.

Martxoaren 21ean, korneta eta daborren Kofradiako bandak Aste Santuko pregoiaren irakurketarako saioan parte hartuko dau Santiago katedralean. Apirilaren 8an, Itxaropenaren prozesinoa egingo da, kofradiak antolatuta. Ekainaren 25etik uztailaren 2ra, erromesaldia egingo dabe Santiago de Compostelara. Uztailaren 25ean, Santiago egunez, Santiago katedraleko Eukaristian parte hartuko dabe eta abenduaren 16tik 18ra, Itxaropenaren Maria Guztiz Santuaren omenezko hirurrena ospatuko dabe, Itxaropenaren Andra Mariaren egunez -abenduak 18- Eukaristia ospatuz amaituko dabelarik. 

Historia:

1947.eko abenduaren 30ean, Santiago Apostolua La Salleko Anaien ikastetxea izan zan lekuan, ikasle ohi batzuk, Luis de Haya anaiaren ekimenez, kofradia sortu eben Bilboko zaindari eta ikastetxeko titularraren izenagaz. 1948ko Eguen Santuz atara ziran lehenengo aldiz prozesinoan.

Santiago Apostoluaren kofradia

Hasieratik, kofradia hazi eta bilakatu egin da gaur egunera arte, eta Bilbon ospatu izan diran prozesino guztietan parte hartu dabe. Uribilduko kofradien Ermandadeko kide da berau sortu zanetik eta 1951etik hasita egoitza Santiago de Compostelan dauan Santiago Apostolu Loriatsuaren Artxikofradia Unibertsaleko kide.

Egoitza aldatu eta emakumea txertatu

Mendiko San Jose parrokia, Bilbon, kofradiaren egoitza

1976an, Iparragirre kalean egoan ikastetxea, kofradiaren sorrerako egoitza, eraitsi egin zan. Kofradia egoitza barriaren bila aritu zan eta 1977an A. Agustindarren Mendiko San Jose parrokian hartu eben eta hauxe da orain be bere egoitza. Azken 45 urteetan, kofradia agustindarren parrokia alkartean txertatuta dago. 1979tik aurera, kofradia honek bilbotar Aste Santuko Zapatu Santuko prozesinoa antolatzen dau, gaur egun, Itxaropenaren Prozesinoa deitzen dana. 

1987an, une gogoangarria bizi izan eben, emakumeak kofradian sartzean. Gaur egungo datuen arabera, emakumeak gehiago dira kofradiakideen artean eta gogotsu parte harten dabe ekimen eta talde guztietan. 1988an, Kofradiak Uribilduko Aste Santuko Pregoiaren ekitaldia berreskuratu egin eban. 

Kofradiak bere 75. urteurrena ospatzen dihardu, “bere historiaz harro eta kofradiakide askoren partaidetzaz”. Hamasei urte daroaz, gainera, bere bandaren musikaz Enkotruaren prozesinoan parte hartzen, Bariku Santu goizez, Bermeon, bertoko Santa Vera Cruz kofradiaren eskutik. 

Jarduerak urte osoan

Aste Santuko jarduerez gainera, Mendiko San Jose parrokia alkartean txertatuta dagoanez, eraginkortasunez parte hartzen dau parrokian eta Eleizbarrutian sortutako hainbat talde eta ekimenetan: Lehenengo Jaunartze eta Sendotzarako katekesia; liturgiarako taldeak; Gurtza Betiraunkorrerako txandak Indautxuko Karmeneko Ama eleizako kaperan eta Gaueko Gurtzan; parrokiako korua; akolitoen taldea; parrokiako jaiotzaren erakusketa; Kurutze-bidea Garizuman; kristau heziketarako taldeak helduentzat eta senar-emazteentzat, e.a.

Azken hamarkadetan, ekonomia eta gizarte konpromisoari eusten deutso, hainbat erakunderi lagunduz: Caritas, Eleizbarrutiko Seminarioa, Behartsuen Arrebak, Paduleko San Bizente karidadearen alabak eta A. agustindarren Iquitanz GKEaren kanpainak.

Kofradia zenbakietan:

– 58 kofradiakide sortzaile 1948an 
– 783 eraginkor eta 1.041 kofradiakide erregistratuta
– Kofradiakideen % 89,2 Bilbon bizi da eta % 96,1 Bizkaian 
– Kofradiakideen % 50,6 emakumeak dira eta % 49,4 gizonak
– Kofradiakideen batez besteko adina, 37,4 urtekoa da 

Bilboko Aste Santurako kartela

Aurtengo kartelean, Santiago Apostoluaren kofradia da protagonista. Estiloak, XX. gizaldiko 20ko hamarkadako abangoardiak gogoratu eta Mendiko San Jose parrokian daben egoitzatik prozesinoan atarateko prestatzen diharduen kofradiakideak irudikatzen ditu.

Aste Santuko kartela 2023
Aste Santuko kartela 2023
Kofradiak 2023
Luis Olaortua, Aste Santuko 2023ko pregoilaria eta Víctor Perez de Guezuraga, Santiago Apostoluaren Penitentzia-kofradiako Anaia Nagusia, Aste Santurako kartelagaz.