21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 “Ardurakidetasuna bizirik da gure Eleizbarrutian, baina ezinbestekoa da sendotzea”
30.09.2023

“Ardurakidetasuna bizirik da gure Eleizbarrutian, baina ezinbestekoa da sendotzea”

Eguraldi ona lagun, bikaritza guztietatik etorritako 500 lagun inguru batu da gaur Markina-Xemeinen Eleizbarrutiko pastoral kurtsoari hasiera emoteko ospatu dan 'Goazen!' ekitaldian. Egun bikaina kurtso barriari hasiera emoteko.

Ekitaldian, behin baino gehiagotan aitatu da harrera eta aniztasuna, eta ospakizunaren hainbat unetan islatu dira kontzeptuok.

Ekitaldian batu diranei ondo etorria egitean, On Joseba Segura Bilboko gotzainak adierazo ebanez, pastoral kurtso barriari hasiera emotean, hauxe nabarmendu gura dogu: “aukera barria da eta ezin dogu alperrik galdu. Bat egin gura dogu, begiratu eta gure alkarteak abegitsu eta barneratzaile izan daitezan beharrezkoa dana egin”. Hori lortzeko jente askoren ekarpena ezinbesteko dala autortu dau gotzainak, talde eta pertsona askoren esku-hartzea behrrezko dala, “ondo ez dabilena aldatzeko ezinbesteko diran bereizketetan”.

Goazen 2023

Gotzainaren esanetan, ardurakidetasuna bizirik da gure Eleizbarrutian, baina ezinbesteko da sendotzea. “Aurreko kurtsoan bikaritzetara egin nebazan bisitaldietan adierazo nebanez, guztion egitekoa da gai honen inguruko berariazko egitasmoa prestatzea. Ebanjelizatzearen Eleizbarrutiko Egitasmoan (EEE) dago eta ez da ahaztuko. Egitasmo honen atal baten zehazten danez, martxan dagoana bultzatzea da helburuetako bat eta, besteak beste, parrokiako erreferenteen kontu hori sustatu gura da. Gainera, laster egingo dogu batzar garrantzitsua erreferenteen esperientzia ebaluatzeko eta etorkizunean pentsatzeko eta egokia litzateke Bizkaiko PB guztietako ordezkariak bertan izatea”.

Goazen 2023
Goazen 2023

Eleiza abegitsua

Seguraren esanetan, Eleiza abegitsua izatea, eleizako ateak zabaltzea baino gehiago da, “seguruenik horregaz bakarrik ez dira-eta sartuko”. Abegi egitea, berak azaldu dauanez, bulekoan ‘harrerarako ordutegiaren’ kartela jartea baino gehiago da: “abegitsu izatea, jentearengana joatea da, etxe eta taldeak bisittzea, besteen ekimenetan parte hartzea, asko entzutea eta, holan, munduan zer gertatzen ari dan eta aldaketa horreek gizon eta emakumeen bizitzan zelan eragiten daben hobeto ulertzea. Abegi egiteko, lekua egin behar dogu, lekua egin, heltzen danak esateko eta egiteko aukera dauala sentitu daian. Aldaketara zabalik ez dagoan alkarteak ezin dau inor onartu. Gure etxea besteena be izan daiten, ezinbestekoa da eurek be giltzak izatea. ‘Beti egin izan da holan’ entzutetsu horrek gaur egun ez dau balio”.

Goazen 2023

Sustatzaile eta eragile handien sorterri

Gotzainak jatorriz ekitaldia ospatu dan herrikoak diran pertsonak gogoratu ditu bere berbaldian. “Sustatzaile eta eragile handien sorterrian gagoz. Teresa Donearen anaia Bartolome sermoilari bikaina; Juan Antonio Mogel lehenengo eleberrigile euskalduna; Bizenta bere loba, euskeraz idatzi eban lehenengo emakumea; punta-puntako pilotariak; akademiko ohoragarriak; Jose Pablo Arriaga eskultore abenturazalea… eta Arizmendiarrieta Mondragon taldearen sortzailea, ekimen askori arnasa emon eutsena, eredugarri pertsonei beharrizan zehatzetan arreta emotean, EDSaren sena gazte heziketarako proposamenetan gauzatu ebana, kalidadezko lana sortu ebana, parte hartzea oinarritzat hartuta enpresa-antolaketa barria artikulatu ebana kooperatiba erara”. 

Laudato Si’

Amaitzeko, Segurak iragarpen bat egin eban: urriaren 4an (Asisko san Frantzisko) Frantzisko Aita Santuak “Laudato Si'” gogoetaren luzapen dan “Laudato Deum” agiria agertzera emondo dala. Gotzainaren esanetan, “lagungarri izango dogu guzurrean -baliabide naturalak agorrezinak dirala- oinarritutako bizimodua aztertzeko preminan pentsatzeko. Aita Santuak eskatzen dauan aldaketa bakotxaren bizimoduaren azterketagaz hasten da, neurritasuna eta askatasun pertsonala alperreko kontsumoaren gaindtik sendotzea bilatuz”.

Goazen 2023

Topaketa eta bisitak

Ekitaldi nagusiaren aurretik, agurrak, ondo etorriak eta kafea konpartitu dabez.

Eleizan ospakizuna amaitu ondoren, partaideek herria hobeto ezagutzeko aukera izan dabe, ibilbide gidatuetan parte hartuz. Ondoren, hamaiketakoa egin da BeraKruz ikastolan.