26-04-2024 Isidoro, obispo y doctor
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bake Topaketaren IX. ekitaldia Alkarren Barri aldizkariaren azalean
01.02.2023

Bake Topaketaren IX. ekitaldia Alkarren Barri aldizkariaren azalean

Gaur, otsailak 1, Alkarren Barri - Comunicación aldizkariaren otsaileko alearen agerkari digitala argitaratu da. 291. alearen azalean, Bake Topaketaren IX ekitaldirako prestatutako kartela ikusi daiteke. Esku Elkartuak erakundeak sustatzen dauan gosearen aurkako kanpainaren ingurukoak be jasoten dira hilabete honetako agerkarian. Kanpaina horren barruan, Amerikan eta Afrikan misiolari egon zan Amaia Modrego Berrizko Mesedetako Misiolariaren lekukotasuna entzun ahal izango da. Gurutzetako ospitalean familientzat prestatu dan jokoaren barri be emoten da ale honetan. Barri honeek eta beste hainbat jasoten dira aldizkarian. Euskarri digitalean jasoteko, harpidetu: hemen.

Aurton, Bake Topaketa desbardin egingo da. Eleizbarrutiko bikaritzetan saioak egingo dira, alde batetik, eta baterako ekitaldia ospatuko da Bilboko Bilborock aretoan, gazteek antolatuta. Musika izango da protagonista otsailaren 25eko ekitaldi horretan. Eleizbarrutiko aldizkarian, musika-jaialdi horretan jarduteko taldea osatu daben gazteei alkarrizketa egin jake. Bikaritza desbardinetako neska eta mutilak alkartu dira azken 50 urteotan lagun izan doguzan abestiak zuzenean interpretatu eta letren inguruan gogoeta eragiteko.

2023ko Bake Topaketarako osatu daben musika-taldea
Bake Topaketarak osatutako taldearen entsegua

Hainbat eduki

Bilboko gotzainak Esku Elkartuak erakundearen eskutik otsailaren 11tik 15era ospatuko dan gosearen aurkako kanpainaren inguruan idatzi dauan mezua irakurri daiteke aldizkariaren hasieran. Amaia Modregok lekukotasuna emongo dau Eleizbarrutiko hainbat herritan. Alkarren Barri – Comunicación aldizkariaren agerkari digitalean jasotako alkarrizketan, misiolariak “miseriaren infernua” jasaten daben miloeka lagunengan jarri dau arreta. Amerika eta Afrikan jardun ondoren, Berrizko etxera itzuli da. Gaur egun, ortu ekologikoaren egitasmoa daukie martxan Bizkaiko Caritasegaz batera eta bertan egoera eskas eta makalean dagozan pertsonek jarduten dabe.

Ortu ekologikoa Berriz
Ortu ekologikoa Berriz

Eleizbarrutiko aldizkarian, betiko sailak be garatzen dira, esate baterako, gazteei eskaintzen jakena, oraingoan, Euskalerriko Eskautak mobimentua, eta hain zuzen be gehiago argitaratuko ez dan Goitibera agerkaria, nabarmenduz. Irakasleen Unibertsitate Eskola (BAM) be aitatzen da, hain zuzen be, otsailaren 7 eta 8an egingo dan ‘ate irekiak’ jarduna.

Agurrak

Agurrak be protagonista dira ale honetan. Alde batetik Carlos Garcia de Andoin Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko zuzendariak Estrella Morenori itzi deutso bere lekua eta berak beste erantzukizun batzuk hartuko ditu erakunde publikoetan. 

Estrella Moreno eta Carlos G. de Andonin
Estrella Moreno eta Carlos G. de Andonin

Bestetik, Jose Mari Ziarrustak be bere kargua itzi dau, erretiroa hartu daualako. Atzo sartu zan indarrean erretiroa eta guzti horren inguruan jardun dau aldizkariari eskaini deutsan alkarrizketan.

J. M. Ziarrustak erretiroa hartu dau
Eleizbarrutiaren autormena Jose Mari Ziarrustari

Bilboko Eleizbarrutiari lotutako beste hainbat barri be jaso da aldizkarian, ohikoa danez. Eta ez dira falta erakunde laguntzaileen artikuluak: Labayru Fundazinoa, Eleizbarrutiko Artxiboa, Eleiz Museoa eta Liburutegia.

Alkarren Barri 291