Idoia Jauregi kazetariak moderatuko dau solasaldia. Kulturaren inguruko hiru begirada zabalduko dira: zinemari buruzkoa Lara Izagirreren aldetik, museoena Miguel Zugazaren eskutik eta Xabier Paya bertsolari eta kultur kudeatzailearena.
Azaroaren 5ean ospatuko dan ekitaldian, kulturak gaur egungo gizartean dauan egitekoaren inguruko hausnarketa barria egingo da. Kultur eremu hori, non tradizinoa eta barrikuntza, transzendentzia eta sekularizazinoa eta giza sorkuntza eta adimen artifiziala tentsinoan agertzen diran, berrikusiko da. Bertsolari batek be parte hartuko dau eta ahozko tradizinoaren ikuspuntutik solasaldia aberastu egingo dau.
Testuingurua
Bilboko eleizbarrutiaren oroitza-txosten kulturalaren aurkezpenean egingo da solasaldia. Agiri hau ez da inbentario hutsa, fede eta kulturaren alkartzetik etorkizunari begiratzeko deia baino. Solasaldian, zineak, arteak eta hizkuntza barriek zentzun eta gizatasunez betetako kontaketak eratzen zelan jarraitu leikien aztertuko da.
Protagonistak
Miguel Zugaza Miranda (Durango, 1964) artearen historialari eta museografo ospetsua da nazinoartean; estatuko arte-erakunde garrantzitsu bi zuzendu ditu: Bilboko Arte Ederren Museoa (aldi biran: 1996-2002 eta 2017tik gaur arte) eta Pradoko Museo Nazionala (2002-2017). Bere ibilbidean, museoen erabarritu ditu, erakusketa garrantzitsuak antolatu -Sorolla, Tintoretto, Vermeer edo Francis Baconen antologikoak Prado museoan-, eta artearen bidez gizarte alkarrizketa sustateko konpromisoa agertu dau beti.
Lara Izagirre Garizurieta (Zornotza, 1985) punta-puntako zinema-gidoilari, zuzendari eta ekoizlea da. Ikus-entzunezko komunikazinoan lizentziaduna UPV/EHUtik, New York Film Academi eta Bartzelonako ESCAC zentroetan osotu eban bere heziketa, 2010ean bere ekoizpen-etxea sortu eban eta 2015ean Donostiako zinema-jaialdian aurkeztu zan Un otoño sin Berlín bere opera primagaz lortu eban ospea. Gizatasunez eta samurtasunez betetako begirada nabarmentzen da bere filmografian, eguneroko gauzetan edertasuna aurkitzen daben emakumezkoen pertsonaietan oinarritutako begirada, eta bere pelikulek ez deutse uko egiten itxaropenari.
Xabier Payá (Bilbao, 1982). Kultur kudeatzailea, itzultzailea, bertsolaria eta idazlea. Getxo Kulturako zuzendaria. Itzulpengintzan eta Interpretazinoan lizentziadua, kultur arloko graduondoko hainbat ikasketa dauz. Hogei bat literatura-itzulpen, antzerki-egokitzapen, gidoi, ipuin eta eleberri grafikoren egilea da. Urte askoan zutabegile izan da prentsa idatzian eta irratian. Donostiako Europako Kultur Hiriburuaren programa zuzendu eban 2016an.
Oroimenetik etorkizunera
Bilboko Elizbarrutiaren Kultur Memoriaren aurkezpenak itxiko dauz 75. urteurreneko ekitaldien egitaraua. Azaroaren 9a izango da itxiera ofiziala, Santiagoko katedralean egingo dan ospakizunagaz.
Testuinguru honetan, “Arimadun irudiak” zine, ahozkotasun eta gogoeta lotzen dituan esperientzia lez agertuko da. Esparru aparta, honen inguruan eretxiak emoteko: ikus eta ahozko hizkuntzek -zinema, pintura, gizarte sareak, algoritmoak…- aro digitalean zentzun eta gizatasunaren eroale izan daitekezala.