23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Larrea gotzainak kopa altxatu ebanean
11.04.2024

Larrea gotzainak kopa altxatu ebanean

Berrogei urte igaro dira Athletic taldeak Begoñako Amatxuri kopa eskaini eutsan azken alditik. Mila lagun baino hurreratu zan basilikara unea bizitzera. Larrea gotzainak egin eutsen harrera, esanez: "gure herriaren senidetasunaren ikur zarie". Eguneko kroniken arabera, "ez zan kanpairik behar izan" eleiztarrak basilikara erakarteko, ingurua jentez lepo bete-zan eta zuri-gorriak hara iritsi baino askoz aurretik. Ospakizunari hasiera emoteko, 'Agur Jaunak!' abestu zan. On Luis Maria Larrea gotzainagaz batera, alkar-meza emon eben On Joan Maria Uriarte gotzain laguntzaileak, Fernando Alkorta Begoñako parrokoak eta German Aldama eta Jose Maria Angoitia abadeek. 

Orain dala 40 urte, Begoñako basilika jentez lepo bete zan talde zuri-gorriak Amatxuri egin eutsan eskaintza zuzenean bizitzeko.

Ospakizunaren aurretik, ereserki, abesti eta otoitzen entseguak egiten ari ziranean, ezustekoa gertatu eta egiten ziharduena eten egin zan. Ume bat galdu zan eta preminazko deia egin zan megafoniaz. Sasoiko kontaketen arabera, gertaera horrek agertzen dau “ekitaldi jentetsuaren” garrantzia.

Ospakizuna Begoñan

1984ko ospakizunari hasiera emoteko, eleizan batu zan jente guztiak ‘Agur Jaunak!’ abestu eban zutik. Jokalariek, “Jose Manuel Garmendiaren organoaz lagunduta”, ‘Hijos de Vizcaya’ kantatu eben eta Pedro Aurtenetxe taldeko presidenteak berbaldi laburra eskaini eban euskeraz eta gaztelaniaz: “Barriro irabazi dogu, Ama, txapeldunak gara barriro be. Baina eskaintzen deutsuguzan kopa honeek ez dagoz hutsik, euskaldun alai et sanoa egiteko ahaleginaz bete doguz”. Berbok erakusten dabe argi eta garbi zenbat aldatu dan gizartea adierazpenei zein ekintzei dagokienez. 

Larrea gotzainak, bere aldetik, presidentearen berbak nabarmentzeaz gainera, kirolariaren senaren inguruan jardun eban: “Zuek zarie une honetan gure herriaren senidetasunaren ikur eta adierazpen. Ama Birjina lagun dogula, gaurko senidetasun hau bizitzako gainerako arloetara hedatuko ahal da! Goitik beherako kirolak izan zaitezela, zintzotasun eta adeitasunezko eredu besteentzat”.

Oparia futbolariei

Ospakizuna amaitu ondoren, jokalariek Amatxuren irudia eta Athleticen ezkutua eban lepokoa jaso eben. Gero, sakristia barrura joan eta autografo ugari sinatu eben.

Uriarte gotzainaren artikulua

Orain dala berrogei urte Athleticek kopa irabazi ebala-eta, orduan gotzain laguntzaile zan On Joan Maria Uriartek, Athleticen jarraitzaile sutsuak, artikulua idatzi eban ‘El País’ egunkarian. ‘La fuerza de un símbolo’ goiburua eban idazkian, besteak beste, berrogeiko hamarkadan zuri-gorrien eta “Almagroko San Lorenzoren arteko” partidua ikusi ebala inoan. Zarra ezagutu eban, “Mungiatik Bilbora eroaten ginduzan goizeko trenean”. Bere esanetan, tarteka-marteka, “osaba adeitsuren batek San Mamesera gonbidatzen ninduan”.

Artikuluan, gaur egun be askotan egiten dan galdera egin eban Uriartek: “zein da hainbeste indar mobiduten dauan palanka honen sekretua?”. Eta erantzun hau emon eban: “Athletic ez da masa-mobimentu hutsa, oroitu, deitu eta berotu egiten dauan sinbolo bizia baino”.

Aurrerago, zera inoan sinboloei buruz: “moteldu egin daitekez. Talde bategazko atxikimendua, idolatria bihurtu daiteke. Futbolak arazoez jabetzeko sentiberatasuna eta horreei aurre egiteko adorea lokartu egin leike.

Azkenean, jokalariak goraipatu ebazan: “mutil zintzo eta jator honeek, bat eginda eta duintasun eta desio sanoaz beteta dagozan gazteok, kamiseta zuri-gorria janzteaz harro dagozanok, eurok dira gure garaikurrik onena”.

Gaur, zuri-gorriek zaleei eskaini deutse garaikurra. Bitartean, Begoñan, biztuta jarraitzen dau Amatxuren oinetan zaleek biztutako kandela askok eta askok. Zorionak Athletic!

Momento en el que el Athletic realizó la ofrenda a la Amatxu (mayo 1984)