19-11-2024 Martes, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Kultura 5 Lehenengo kontzertua Algortako San Nikolas eleizan, barriro inauguratu daben organoagaz
27.12.2019

Lehenengo kontzertua Algortako San Nikolas eleizan, barriro inauguratu daben organoagaz

Gaur iluntzeko zortzietan, Daniel Oyarzabal organista gasteiztarrak kontzertua eskainiko dau Algortako Bariko San Nikolas eleizan, barriro inauguratu daben organoagaz. Abenduaren 6an ospatu eben mezan bedeinkatu eben organo zaharbarritua.

Musika-tresna hau Parisen egin eben 1908an haritz-egurrez. Berrogeta hamasei notatako eskuzko teklatu bi daukaz eta 30 notatako pedalier bat. 2018an hasi ziran zaharbarritzen, benetan “hondatuta” egoalako.

Eleiztarrek jarri dabe zaharbarritzeko behar izan dan diruaren -60.000 euro- zatirik handiena. Musika-eskolak 6.000 euro jarri ditu eta udalak antolatu ditu kontzertuak. Lehenengoa gaur ospatuko da eta bigarrena, urtarrilaren 25ean eta bertan Aitor Olea kontzertu-emoile ospetsuak organoa joko dau, Patricia Sesar sopranoak be jardungo daualarik.

Javier Garai parrokoak organoaren zaharbarritzearen aurkezpenean adierazo ebanez, parrokiak, gertaera honen bitartez, “organoa eta San Nikolas eleiza balio kultural, balio turistiko bihurtu gura ditu eta herria eremu zoragarri balioa emoteko egitasmo osoagaz bat egitera bultzatu”. Parrokoaren esanetan, “erabilera liturgikoa” emon gura jako, baina gaur egun zerbait gehiago be eskatzen dala jakinda, holan “herriak balortu, maitatu eta erabili daian”.