Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea basilikako organoa, herriko kultur ondasunik esanguratsuenetakoa da. Musika-tresna bikaina da, berau zaharbarritzeko eratu izan dan alkarteko kideek egiaztatu dabenez. “Berrogei kilometro orduko abiaduran doan Ferraria da”. Hau da, 170 urteren buruan, organoak liturgia girotzeko balio dau, baina ezin da kontzertuetan erabili.
Hau dala-eta, orain dala hilabete batzuk lanari ekin eutsen, kultur ondare eta ondasunetarako Eleizbarrutiko sailagaz batera, musika-tresna hau zaharbarritzeko lehenengo urratsak emonez.
Joan dan apirilaren 13an, kontzertua antolatu eben basilikan eta orain bigarrena ospatuko da, Euskadiko Orkestraren eskutik.
Ekimena ezagutzera emoteaz batera, babesleak aurkitu gura dabez 600.000 euro inguruko lanei aurre egin ahal izateko.
Izan be, organoa “piezaz pieza desarmatu behar dabe eta organo erromantikoetan espezializatuta dagoan organo-konpontzaile baten tailerrera eroan”.
Abuztuaren 16tik aurrera “salgai” izango dira hodiak. Ongileek egin daien ekarpenaren egiaztagiria jasoko dabe. Organoak 2.000 hodi inguru dau, batzuk oso kaltetuta. 50, 100 edo 200 eurotako ekarpena egin daiteke.
Ekarpena zelan egin
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eskainiko dauan kontzertuaren egunean egin daitekez lehenengo ekarpenak. Sarrerek 10 euro balioko dabe eta batu daiten dirua organoa konpontzeko izango da.
Kutxabank
Bizum: LEBAOR ES 15 2095 0050 3191 2378 3521
Tel: 665 701 722
Email: lebaorlekeitio@gmail.com
Historia
Jose Javier Uribarren lekeitiar bankari eta ongileak (1791-1861) sasoiko organorik onenaz hornitu gura izan eban basilika. Parisen bizi zanez, orduko organogilerik onena zan eta organo erromantikoen aitzindari eta eraikitzailerin onenentzat eben Aristide Cavaille-Collengana jo eban. Organogile honenak dira, besteak beste, Pariseko Notre-Damekoa, Saint Sulpicekoa eta Saint-Denisekoa
Lekeitiokoa, 1854an eraikitakoa, genero horretan, Euskal Herrian ez ezik estatu espainiar osoan, eraiki zan lehenengo organoa izan zan. Egundoko kalitatea eta soinua dituanez, leku askotan eskuratu gura izan eben holako musika-tresna: Donostia, Loiola, Azkoitia, Bilbao, Bartzelona, Madril…