21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 “Txiki honeetako bati egin zeuntsena, neuri egin zeunsten”
24.03.2023

“Txiki honeetako bati egin zeuntsena, neuri egin zeunsten”

Bilboko katedralean ospatuko dan otoitzaldian, sinbolo bi nabarmenduko dira. Alde batetik, "gure Eleizan sexu gehiegikerien biktima guztien oroimenez", eta Bibliako txatal bat idatzita dauala, klaustroan jarriko dan plaka. Eta bestetik, Derioko 'Seminarioa' eraikinaren inguruan dagoan Adiskidetasunaren Basoan landatuko dan olibondoa. Otoitzaldia, arratsaldeko seietan hasiko da eta web orrialde honen bidez zuzenean ikusi daiteke.

Mateo (25, 40) Bibliako txatala jasoten dauan plaka jarriko da Santiago katedraleko klaustroan. Plaka hau, gaurko otoitzaldian aurkeztuko da “Eleizan izan diran sexu gehiegikerien biktima guztien oroimenez”.

Hainbat biktimak Gehiegikerien Prebentzinorako Eleizbarrutiko Batzordeari egin deutsan eskariari erantzunez egingo da autortzarako eta parkamena eskatzeko eleizkizuna. Plakaz gainera, olibondoa aurkeztuko da, Biblian guztiz esanguratsua dan arbola. Jesus Olibondoen Mendira joan zan eta bizi eban larritasunaren erdian otoitz egin eutsan aitari atxilotzaileak hurreratu aurretik.

Ekitaldi soila

Biktimak eta eleiztarrak batuko dira otoitzaldian eta ekitaldi soil eta sentimentuz betetakoa izango da. Biktimak izango dira protagonista eta bat, Josu Lopez Villalba abadea, ospatzaile izango da gotzainagaz batera.

‘Amani’ laukotearen eta Gorka Iglesias katedraleko organistaren musikak girotuko dau liturgia. Carlos Olabarri batzordeko zuzendariak irakurriko ditu biktimek Batzordea osatzen daben boluntarioen aurrean egin dabezan kontaketetako batzuk irakurriko ditu. Julia Moreno batzordeko kidea izango da monitorea ekitaldian.

Gura daben biktimek kandelak jarriko dabez altaran. On Joseba Segura gotzainaren homiliaren ostean, parkamena eskatuko da sinbolo biren bidez: plaka eta olibondoa. Une horretan, Pietatearen kaperara joango dira eta gotzainak bedeinkatu egingo ditu aitatutako sinbolo horreek.

Normalean, katedralean zazpietan ospatzen dan mezaren aurretik amaituko da ekitaldia.

P