03-05-2024 Felipe y Santiago, apóstoles
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 ‘BIzkaia isilik’ bilkura isiletan Greziako kostaldeko hondoratzeko biktimak gogoratuko dabez
28.06.2023

‘BIzkaia isilik’ bilkura isiletan Greziako kostaldeko hondoratzeko biktimak gogoratuko dabez

Hilaren azken eguaztenez ohikoa danez, 'Bizkaia isilik' bilkurak egingo dira gaur hainbat herritan. Bilkurok 19:30etan izango dira ohiko lekuetan: Bilbon, Arriaga plazan; Portugaleten, Gregorio Uzkiano kalean; Barakaldon, Bide Onera plazan; Galdakaon, Iturriondo plazan; Durangon, Andra Mari eleizpean; Balmasedan, San Severino plazan eta Getxon, Telletxe plazan, metroaren ondoan. Ekaineko bilkura honetan, ekainaren14an, Greziako kostaldeko zoritxarreko hondoratzean izandako gertaerak salatuko dabez. ACNUR eta OIM erakundeen iturrien arabera, orain arte 104 lagun erreskatatu dabez eta 82 hilotz berreskuratu eta 500 lagun baino gehiago dagoz desagertuta, tartean, 100 ume.

Beste alde batetik, kanariar bidean, 37 lagun -tartean, lau emakume ume bi, umetxo bat eta adin txikiko hainbat nerabe- hil ziran ekainaren 21ean, Kanaria Handiko kostaldetik 80 miliatara -130 kilometrotara eta Mendebaldeko Saharatik 40ra- hamabi ordutik gora salbamenduaren zain egon ondoren. Hirurogeta bat lagun joiazan ontzian, hogeta lau erreskatatu ebezan eta Saharako kostaldeko Bojador lurmuturrera itzuli. Euretako lau larri dagoz eta ospitaleratu egin behar izan dabez. ‘Bizkaia isilik’ ekimenaren eragileen esanetan, “etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatu gura doguz. Oraingoan be, salbamendua beranduegi heldu da”.

 

Europar Batasuneko Batzordean eta, beste maila batzuetan, legeak egin eta erabaki politikoak hartzen dabezanei arren eskatzen deutse beste behin be asilo eskariei bidezko erantzuna emon deieei eta pertsonen eskubideak eta duintasuna babestu eta errespetatu daiezan. “Eleiza lez, errealitate horren arduradun sentitzen gara, heriotza bakotxaren atzean, biziak dagozalako”.

‘Bizkaia isilik’ ekimenaren hurrengo deialdia uztailaren 26rako da.